Akrobazia inklusiboak

Txitatoki zirku eskolak Hazitoki topaketak egingo ditu bihar, Gernika-Lumon. Askotariko jarduerak probatzeko aukera izango da, eta behar bereziak dituztenek zirkuan egiten duten lana erakutsiko dute.

Ane Insausti Barandiaran

Zirkuko artista izan nahi dutenek lehen urratsak egiteko aukera izango dute bihar, Gernika-Lumon (Bizkaia): akrobaziak, aireko ariketak, trapezioak, telak, oreka... Izan ere, Urdaibaiko Txitatoki zirku eskolak Hazitoki topaketa antolatu du, laugarren aldiz. Goizean, jarduera ugari egiteko aukera izango da, eta, arratsaldean, zirku eskolako ikasleek zirku gala egingo dute. Aurten, gainera, Arabako eta Bizkaiko beste zirku eskola batzuetako kideen bisita izango dute topaketan.

Zirkua izango da, bai, baina berezitasun batekin: behar bereziak dituen jendeak ere parte hartzen duela topaketan. Horixe egiten baitute Hazitoki programan, Elsa Pamparacuatro Hazitoki proiektuaren sortzaile eta irakasleak azaldu duenez: «Batzuetan, ematen du behar bereziak dituztenek ezin dutela ezer ere egin, eta guk justu kontrakoa demostratu nahi dugu. Agian, gauza batzuk egiteko ez dira gai izango, baina beste batzuk egiteko oso gai dira; beraz, hemen denok daukagu lekua».


Zirkuaren bitartez, «inklusio erreala» edo «benetako inklusioa» lantzen dutela esan du. Baina, nola ulertzen dute inklusioa? «Guretzat, jendea elkarrekin baldin badago, inklusiboa da: behar bereziak dituztenak eta ez dituztenak. Are gehiago, pentsatzen dugu denok dauzkagula behar bereziak, denok egin ditzakegula gauza batzuk eta beste batzuk ez». Hortaz, eskolak bakoitzaren beharren eta gaitasunen arabera antolatzen dituzte.

Bi gauza lortu nahi dituzte inklusio errealarekin. Bata, parte hartzaile guztiek aukera berak izatea zirku eskolan. Bestea, berriz, behar bereziak dituztenak ezagutzea eta haiekin harremanak izaten ikastea: «Ezgaitasunik ez daukagunok, hau da, medikuen diagnostikorik ez daukagunok ikasten dugu behar bereziak dituztenak detektatzen, eta tratatzen. Azken batean, gu bezalakoak dira». Hori giltzarri da gizarte inklusiboa lortzeko bidean, haren ustetan.


Izan ere, jende askok ez du aukerarik izaten behar bereziak dituen jendea ezagutzeko, ez baitute horretarako aukerarik edo lekurik. Eta, ezjakintasun horrek beldurra ere sortzen du askotan. Hain zuzen, «harresi hori apurtu» nahi dute, eta horretarako sortu zuten Hazitoki programa.

Ariketa bera denentzat

Guztira, 250 haur inguru joaten da haien zirkuko eskoletara. Horietatik hamabost inguruk dituzte behar bereziak, eta errefortzuko irakasle bat izaten dute klasean. Dena den, irakaslea ikasle guztiekin egoten da, eta ez behar bereziak dituenarekin bakarrik. Era berean, bakoitzaren beharretara egokitzen dira, baina ariketa berberak proposatzen dituzte klase guztiarentzat.


Nola egiten da hori, baina? Adibide bat jarri du: «Badakigu autismoaren espektroko nahasmendua duten haurrek behar izaten dutela egunero gauza berak egitea, hau da, klasearen garapena beti berdina izatea. Ez diegu esaten zergatik, eta klase osoak egiten du horrela». Edo, bestela, harremanak izateko dituzten zailtasunak tarteko, klase osoak komunikazioa lantzeko ariketak egiten ditu. Baina guztientzat berberak dira ariketak, eta denei balio diete ikasteko.

Gauza bera egiten dute Prader Williren sindromea duen ikaslearekin ere: gaixotasun arraro horren ezaugarria da giharrak indartu behar dituela, baina ez du komunikazio arazorik. Bada, kasu horretan, klase osoak landuko ditu giharrak ariketen bidez, horren atzean zer arrazoi dagoen jakin gabe. «Gure helburuen barruan dago haiek ez jakitea zergatik den klasea horrela», esan du.


Egiten duten lana ikusgai jartzeko balioko du topaketak, baina badu beste helburu garrantzitsu bat ere: ekonomikoa. Badituzte babesle batzuk, baina jendeak egunean bertan egindako ekarpenak ere garrantzitsuak dira zirku eskolarako. «Diru horrekin ikasturte osorako behar ditugun irakasleak, materiala eta ikastaroak finantzatzen ditugu», azaldu du.

Hortaz, topaketa aukera garrantzitsua da antolatzaileentzat, harremanak bultzatzeko aitzakian zirkuko artistak protagonista bihurtuta. Arlo ez-formalean ikasten baitira gauzarik politenak, Pamparacuatroren arabera: «Azkenean, hau interesgarria da denok baldin bagaude: behar bereziak dituztenak eta ez dituztenak. Elkarrekin egoteko aukera bat da, zirkua ikustekoa, eta jende guztiak zer ahalmen dituen konturatzekoa».

top