Ainhoa Pinedo, Hezteneko kidea: «Aisialdian ere euskaraz jolastea bultzatzeko tresna bat da jolasa»
Ane Insausti Barandiaran
Zertan datza jolasa?
Kaxaren barruan ehun karta eta korapilo bat daude. Karta bakoitzak, alde batean, ilustrazio bat du, eta beste aldean, hitz bat eta bi hizki. Asmoa da loturak egitea: hitzen eta irudien artean, hitzen eta hitzen artean, irudien eta irudien artean, eta, hizkien kasuan, hitzak sortzea.
Irudimena lantzeko jolas bat da, beraz?
Aisialdian ere euskaraz jolastea bultzatzeko tresna bat da jolasa. Baina baditu helburu gehiago: haur, gazte zein helduen irudimena eta sormena lantzea; euskaraz ahozkotasuna lantzea; harremanak eta talde lana lantzea...
Adin guztietarako dela esan duzue. Zergatik?
Guk jolasean jarri dugu 8tik 99 urtera arte. Askotan, 8 urtetik gora jarriz gero, ematen duelako haurrentzako dela, baina haur, nerabe, gazte zein helduentzako jolasa da. 8 urteko langa jarri dugu, irakurketa barneratuta edukitzea behar delako. Jolas saio batzuk egin ditugu bai lantaldearen barruan eta bai kanpoan ere, adin guztietako jendearekin probatu dugu, eta balorazioa oso positiboa izan da.
Hiru jolas proposatu dituzue zuek, baina nahi beste jolas sortu daitezke?
Guk hiru proposatzen ditugu gaitasun ezberdinak lantzeko aukera ematen dutenak, baina asmoa da gero norberak beste hainbeste sortzea. Jolas ireki bat izatea nahi genuen, aukera ezberdinak emango zituena. Taparen atzeko aldean jarri ditugu azalpenak idatzita; askotan, paper batean topatzen dugulako, baina paper hori galdu egin daiteke, edo puskatu...
Zenbat irauten dute partidek?
Guk diseinatutako jolasetan partida laburrak dira, askotan hasten garelako mahai jolas batera jolasten, eta arratsalde osoa hartzen digu. Orduan, nahi genuen partidak labur eta dinamikoak izatea.
Non egongo da eskuragarri?
Hezteneko web orrian dagoeneko salgai daukagu. Elkarreko dendetan ere eskuragarri izango da, eta gero, Durangoko azokan postua jarriko du Heztenek; beraz, han ere eskuratzeko aukera egongo da.
Zer garrantzi du horrelako jolas bat edukitzeak?
Aisialdi antolatuan lan egiten dugu guk, haur eta gazteek aisialdiaz euskaraz goza dezaten. Baina aisialdi antolatua ez dagoenean, euskara hutsean tresna gutxi dauzkagu; erdaraz, aldiz, asko. Nahi genuen euskaraz jolastera bultzatuko zuen tresna bat sortu.
FITXA
- Izenburua: Korapilatu.
- Egilea: Hezten elkartea.
- Ilustrazioak: Karmele Gorroño (Irrimarra).
- Karta kopurua: 100 karta.
- Adina: 8-99 urte bitartekoentzat.
- Diseinua: Sorlan agentzia.
- Ekoizpena: Leitzaran Grafikak.
- Prezioa: 14,5 euro.