«Ahozkotasunari lekua eman diogu liburuan»

Orkatz batek egiten dio ongietorria irakurleari azalean. Zer topatuko du barruan?
Alde batetik, ahozkotasunari lekua eman diogu liburuan, Ixabel Agirresarobek ahozkotasuna lantzen duelako. Beraz, testu arin eta fresko bat irakurtzeko aukera izango du, ozen irakurtzeko modukoa. Bestetik, kontakizun bat dago liburuan, hain zuzen, Amona Tomaxaren ibilerak basoan barrena. Udazkenean gaudenez, garaiko elementuak daude: gaztainak, hostoak erortzen...
Ezkurrak, lokotxak, katagorriak... Udazkeneko elementuak aurkeztea da helburua?
Ez du asmo hezitzaile berezirik. Barre egiteko da, hiztegi oso aberatsa du, ahozkotasuna oinarri hartuta, eta hori nik uste dut igartzen dela. Grafismo aldetik ere umorezkoa da. Askotan aurreiritziak daude umorearekiko, baina nik uste ezinbestekoa dugula gure garapen emozionalerako.
Kolore paleta ere udazkenekoa erabili duzu, ezta?
Bai, jakina. Baliabide digitalei esker, ikaragarria da zer aukera dauden. Liburu bakoitzean berritasun bat eskaintzen saiatzen naiz, eta hor nabil, ikerketa betean. Paleta berezi bat hautatu dut, eta askok adierazi didate paleta berezia dela, eta azala ere ez dela ohikoa. Helburua da liburuarekin jolastea, eta, jakina, gogoratzea naturarekin bat bizi garela.
Elkarlanean sortu duzue liburua, berriro. Zer moduz moldatu zarete?
Lankidea dut Ixabel, urte asko daramatzagu kultur etxe eta liburutegietan emanaldiak egiten, eta egia da liburuak argitaratzea beste jauzi bat dela. Niretzat plazera da Ixabelekin eta Denonartean argitaletxearekin lan egitea.
Nori gomendatuko zenioke liburua?
Lehen irakurleak ditut nik buruan, eta gurasoak, ozen irakurri dezaten, haurrekin. Udazkeneko egun hotz eta euritsuetan liburua lagun dugu, eta haiengan pentsatzen dut. Uste dut oso produktu egokia dela gurasoek eta haurrek elkarrekin irakurri eta gozatu ahal izateko.
Beste zer proiektu dituzu eskuartean?
Larrumarruak liburua kaleratu dugu. Primi Erostarbe eta Maurizia Aldeiturriaga elkartu ditugu, haien ibilerak azaltzeko, erromerietan eta abar. Bide batez, Euskal Herriko Trikitixa Elkartearekin, panderoa jotzeko oinarrizko argibideak jaso ditugu liburuan, bideoz. Panderoari, emakume horiei eta landa eremuari aitortza egin diegu. Izan ere, kultura hirietan zegoela uste izaten dugu, baina, kasu honetan, landa eremuan bizi ziren. Beste lan batzuk ere baditut bidean, aurrerago aurkeztuko ditugunak.


LIBURUAREN FITXA

  •  Izenburua: 'Amona Tomaxa udazkenean'.
  • Idazlea: Ixabel Agirresarobe.
  • Ilustratzailea: Iñaki Martiarena, ‘Mattin’.
  • Orrialde kopurua: 32 orrialde.
  • Adina: 4 urtetik aurrerako haurrentzat.
  • Argitaletxea: Denonartean.
  • Prezioa: 15 euro.

top