Adimen artifiziala, datuen labirintoa
Ane Insausti Barandiaran
1. ZER DA?
Azkenaldian bolo-bolo dabil adimen artifizialaren (AA) gaia. Beñat Erezuma teknologia irakasle eta digitalizazio aholkulariak azaldu du definizioa: «Pertsonon adimena imitatzen saiatzen den sistema da AA». Alegia, giza adimena behar duten zereginak egin ditzaketen sistemak sortzea da bere helburua: irudiak ezagutzea, hizkuntzak itzultzea, testuak sortzea... Adibidez: makinak katu asko eta txakur asko ikusi, eta bakoitza zer den ikasiz gero, katu edo txakur bat aurrean jartzen dioten hurrengoan, jakin egingo du bietako zer den.
2. NOLA «IKASTEN» DU MAKINA BATEK?
Datuak dira adimen artifizialean gakoa, hor dago «ezagutza eta boterea». Pertsonek zentzumen bidez bezala, AAk datuetatik ikasten du, gero erlazioak barneratzeko. Horren atzean matematika dagoela azaldu du Erezumak: «Bazen esaten badizut, zure buruak esaten dizu hurrengo hitzak behin izan behar duela, askotan irakurri duzulako bi hitzak erlazionatuta daudela. Antzera funtzionatzen du AAk: hitzen arteko loturak bilatzen ditu, eta beti ematen du hurrengo hitz probableena».
3. NOIZ SORTU ZEN?
Adimen artifiziala eremu gisa 1956. urtean jaio zen, duela ia 70 urte. Halere, azken bi urteetan indarrez sartu da gizartean, aurrerapen ugari ekarri dituelako, eta jendearen eskuetara iritsi delako. «Duela bi urteko ChatGPTren sorrerak modua egin du edozein etxetan hizkuntza eredu handi bat probatu ahal izateko, Chatbot bat probatu ahal izateko, eta ikusteko makina batekin hitz egiten ari garela», esan du Erezumak.
4. ZER DA GPT TXATA?
ChatGPT adimen artifizialeko chatbot aplikazio bat da, eta, elkarrizketaren bidez, testuak osotasunean idazteko gaitasuna dauka. «Hizkuntza eredu handi bat da, datu multzo handietatik ikasi duena —liburuak, Wikipedia, Interneteko foroak...—. Egiten duena da hitzen arteko erlazioak aurkitu. Ondoren, datu horiek barneratuta dituenez, hitzez hitz joaten da testu koherente bat sortzen». Kode itxiko proiektua da, hau da, datu bilketa ez da irekia, eta edonork ezin du datu horiek nondik datozen ikusi, ezta horiek moldatu ere.
5. ZER BESTE EREDU DAUDE?
Kode itxiko proiektuez gain, Erezumak gogoratu du kode irekiko proiektuak ere badaudela, Llama 3 edo euskarazko Latxa ereduaren gisakoak, eta jada sortuta dauden ereduen gainean lan egiteko aukera ematen dutela: «Gure kasuan, euskaldunontzat, horrelako kode irekiko ereduak garrantzitsuak dira, proiektu horiek geureganatu eta berriro entrenatu ditzakegulako gure errealitatea ezagutzeko. Gure kultura gehiago ezagutzeko aukera eman diezaiokegu».
6. ZER AUKERA ESKAINTZEN DITU?
Itzultzaileak. Norbere hizkuntza erabilita, unean uneko itzulpenak egin ditzake AAk. Oporretan, adibidez, euskara erabilita, tokiko hizkuntzara itzuli dezake esandakoa, eta hartzaileak, euskara jakin gabe, ulertu.
Auto autonomoak. Etorkizunean, agian, autoak euren kabuz gidatzeko gai izango dira, eta gidabaimena ateratzea ez da beharrezkoa izango. Gainera, posible da istripu gutxiago izatea.
Bide laguntzaileak. Itsuen edo ikusmen urritasuna dutenen kasuan, baliagarria izan daiteke, laguntzaile bat izan dezaketelako kaletik doazenean, abisatuz nondik joan behar diren, oztopoak saihestuz.Ahotsa berreskuratzea. Ahotsa galdu duen jendeak, galdu aurretik egindako grabazioen bidez, ahots eredu bat sor dezake, hura klonatuz. Ahotsa berreskuratuko ez duen arren, makinaren bitartez erabili ahal izango du bere ahotsa, edozein telefono dei egin ahal izateko, adibidez.
BEÑAT EREZUMA, Teknologia irakasle eta digitalizazio aholkularia.
AA tresna bat gehiago da, eta, ondo erabiltzen bada, gizartean lagundu egingo du. Edozein tresna teknologiko bezala, erabilera egoki bat egin daiteke harekin, eta erabilera okerra ere bai.
7. ZER ARRISKU DITU?
Pribatutasuna eta jabetza. Datu ugari behar dira makinak «entrenatzeko». Eredu batzuk entrenatzeko datu libreak erabili dituzte, hau da, sortzaileak baimena eman du horiek erabiltzeko. Beste batzuk, ordea, inolako baimenik gabe sortu dira. Hainbat artistak, esaterako, kezka adierazi dute, egile eskubideen harira, AAk entrenatzeko erabiltzen diren irudiak baimenik gabe hartzeagatik.
Alborapenak. Datuak erabiltzen direnean, kontuan izan behar da nondik datozen. Izan ere, datuak gizartearen isla dira, eta, datu horiek bertan dauden alborapen eta zapalkuntzak izango dituztenez, estereotipoak zabaltzeko arriskua dago. Dena den, datuak «moldagarriak» direla gogoratu du Erezumak, eta alborapen horiek gutxiagotzeko ere balio dezakeela.Lanpostuen galera. AAk tresnak emango ditu pertsonen beharrik gabe zeregin batzuk egiteko; hortaz, Erezumak uste du lanpostu batzuk desagertu egingo direla, automatizatu egingo direlako. Horrekin batera, produktibitatea handituko dela uste du, eta horrekin zer egin erabaki beharko dela: «Edo lan gutxiago egin, edo bere horretan geratu eta produktibitatea handitu».
Eskuragarritasun falta. Beste arrisku bat da teknologia hori guztientzat eskuragarri ez egotea. Teknologia horiek erabiltzeko aukera pertsona batzuen esku soilik geratzen baldin bada, desberdintasunak handituko dituelako. «Horregatik dira hain garrantzitsuak kode irekiko eredu horiek. AA mundu guztira iritsi behar duen gauza bat da. Eta, egia esan, iristen bada, jakintza demokratizatzeko balioko du», esan du.8. ZER DIO LEGEAK?
Europako Batzordean AIAct legea onartu dute, AA arautzeko legea. Erezumak azaldu du pare bat urte beharko dituztela legea herrialdeetara zabaltzeko, baina garrantzitsua izango dela, mugak ezarriko dituelako: «Garrantzitsua izango da arautzeko nola erabili AA. Espero dugu Europan egiten ari garen apustu hori gero mundu osora zabalduko dela». Dena den, aukeretan ere azpimarra jarri nahi izan du: «Araurik ez badago, ondorioak larriak izan daitezke. Arautu beharreko gai bat da, eta jakinik, era berean, aukera handiak ematen dizkigula, eta horietan ere arreta jarrita».