Abentura andana zain
Uda urrun ikusten bada ere, udalekuen antolatzaileak lanean ari dira, buru-belarri, haurrek lagunak eginez eta abenturak biziz igaro ditzaten oporrak. Hasi dira irekitzen izen emateko epeak.
Ane Insausti Barandiaran
1. BERTSOZALE ELKARTEA
Izen ematea: martxoaren 4tik eta martxoaren 20tik aurrera.
Informazioa: Bertsozale.eus
Herriz herri bertso saioetan abestuz Euskal Herriko plazak ezagutzea da zure ametsa? Horretarako prestatzeko, errimen eta doinuen jolasean ume-umetatik trebatzeko, bertso udalekuak antolatzen ditu Bertsozale Elkarteak, urtero. Lau txanda antolatu dituzte aurten: Larraulen (Gipuzkoa) izango da lehena, uztailaren 8tik 14ra bitartean, 12-13 urteko haurrentzat. Bidarrain (Nafarroa Beherea) izango da bigarrena, uztailaren 24tik 28ra; 16-18 urte arteko gazteek parte hartuko dute bertan. Zuhatzako (Araba) udalekuak izango dira hurrengoak, uztailaren 24tik 28ra; 9-11 urte bitartekoak izango dira bertan. Eta, azkenik, Uitzin (Nafarroa) izango dira 14-15 urte arteko bertsozaleak, uztailaren 25etik 31ra. Etzitik aurrera izango dute izena emateko aukera Bertsozale Elkarteko eta bertso eskoletako kideek; gainerakoentzat, berriz, martxoaren 20an irekiko dute izena emateko epea.
2. EUSKAL UDALEKUAK
Izen ematea: Bihartik aurrera.
Informazioa: Udalekuak.eus
Euskal Herriko gazte euskaldun boluntarioek antolatzen dituzte Euskal Udalekuak Abaigarren (Nafarroa), Bernedon (Araba) eta Goñin (Nafarroa). Uda bete abentura, euskaraz, zure eskura da haien leloa, eta berrogei urtetik gora daramatzate horretan. Aurten, hiruna txanda antolatu dituzte Goñin eta Abaigarren, eta bost txanda, berriz, Bernedon. 2003tik 2013ra bitartean jaiotako haurrek hartuko dute bertan aterpe. Euskarazko aisialdia bultzatzea eta Euskal Herriko gazteen arteko harremanak sustatzea izango dute helburu. Txanda bakoitzeko haurren adin tarteak eta prezioak Udalekuak.eus webgunean daude ikusgai.
3. IKASTOLEN ELKARTEA
Izen ematea: martxoaren 4tik maiatzaren 14ra.
Informazioa: Zirimola.eus/eu
Euskal Herriko haur guztien topagune izan nahi dute Zirimola Ikastolen Aisialdi Taldeak antolatutako udalekuek, euskaratik eta euskaraz. Askotarikoak dira aukerak: batzuk udako goizak ikastolan bertan igarotzeko dira, beste batzuek goizetan ingelesa ikastea dute helburu, besteek gazteen topaleku izan nahi dute, badaude ura eta itsasoa maite dutenentzako udalekuak ere... Eta, hori guztia, Euskal Herriko hainbat txoko ezagutu bitartean: Allo (Nafarroa), Lekeitio (Bizkaia), Zarautz (Gipuzkoa), Bermeo (Bizkaia)... Udaleku bakoitzeko adin tartea eta eskaintza Zirimola.eus webgunean dago ikusgai.
4. KODE ESKOLA
Izen ematea: maiatzaren 2tik aurrera.
Informazioa: Kode-eskola.eus/eu
Bideojokoak, minecraft, scratch, robotika, webguneak, 3D inprimagailuak... izen potoloak dirudite, helduei lotutakoak, baina haurrak ere treba daitezke horietan. Hain zuzen ere, ikasleen gaitasun digitalak lantzeko arlo horietan guztietan murgilduko dira aurten ere Kode Eskolaren Udako Campus Teknologikoaren bederatzigarren aldian. Burujabetza digitala sustatzeko, ikasleen trebetasun digitalak eta sormena landuko dituzte. Hiru txanda antolatu dituzte: ekainaren 24tik 28ra, uztailaren 1etik 5era, eta uztailaren 8tik 12ra. Maiatzaren 2tik aurrera zabalduko dute izena emateko epea; 5 eta 16 urte bitarteko haurrek eman dezakete izena.
5. BARATZE ESKOLA
Izen ematea: irekita.
Informazioa: Baratze.eus/eu
Baserri mundura gerturatzeko aukera ematen diete haurrei Gautegiz-Arteagako Baratze baserri eskolan (Bizkaia): baratzea, negutegia, ukuilua... Ingurumen hezkuntzako zentroa da, Urdaibaiko biosferaren erreserban kokatua dago, eta 5 eta 14 urte bitarteko haurrentzat dira udalekuak. Dena den, baserriko lanak ezagutzeaz gain, ingurune natural horretan hainbat ekintza egiten dituzte: sukaldaritza, padel surfa, zur lanketa, zuhaitz arteko abentura parkeak... Lau txanda antolatu dituzte: ekainaren 21etik 30era, 26tik 30era eta uztailaren 21etik 30era, euskaraz, eta uztailaren 11tik 20ra, berriz, ingelesez.