Hilaren 13an, Mauleko ospitale aitzinean, dozenaka pertsona bildu ziren CGT sindikatuaren deialdiarekin bat eginez. Mobilizazioan, Paueko (Okzitania) ospitaleko zuzendaritzak Maulekoaren langileei «esperimentazio» gisa inposatu dien berrantolaketa salatu zuten, langileentzat bezala pazienteentzat kaltegarri izanen delakoan. Zerbitzu batzuk berrantolatzen hasiak dira —sukaldea eta oihal zuriketako zerbitzua—, eta besteetan laster hasiko dira. Mobilizaziotik landa bilkura bat egin zuten langileek eta zuzendaritzako kideek; horietan zen Helintzia Flouret-Barbe ospitaleko langilea eta langile ordezkaria (Lasseube, Biarno, 1992).
Ospitaleen egoera aipatzen delarik, usu agerikoa da ahalen mentsa. Maulekoan egoera hori islatzen da?
Ene izenean mintzo naiz, baina uste dut zuzendaritza hau baduenarekin ari dela; berreskuratzen dituzte aitzineko zuzendaritzetan gaizki eginak izan diren gauza anitz. Zuzendari berria saiatzen da berregituratzen ukan dituen ahalen arabera, baina orain arte ez da bereziki ontsa kudeatua izan. Berrantolaketa Paueko zuzendaritzak galdetu duela iduri luke. Hilaren 13an, Paueko zuzendariarekin bildu ginenean, argiki erran zuen ospitalearen geroarentzat ez dela arrangurarik. Haren hitzetan, arazorik ez da gure soldatak pagatzeko, baina uztailetik ez omen ditu hornitzaileak pagatu eskugain eskasiagatik. Zuzendaria saiatzen da oreka lortzen ahal duen bezala.
Ospitaleko egoitza berritua da, baina barnean duela zenbait urteko arazoak badira.
Badu lau urte hemen naizela; lehengo arazoak ez ditut ezagutzen. Orain egoitza arazorik ez da; berrantolaketarekin, ekonomiak egin nahi dituzte langileen ordutegiekin, logistika guztiarekin... Ez dakit lehen nola egiten zen, baina inportantea da berrantolaketa egitea pazienteengan pentsatuz.
Hain zuzen, azken katebegia ospitaleko pazienteak eta zahar etxeko egoiliarrak dira.
Elkarretaratzearen ondotik zuzendaritzarekin egin bilkuran, anitz aipatu genituen pazienteak eta artaren kalitatea. Lekuko ospitale bat gara, eta haiengan pentsatzen dugu. Orain hasiko den esperimentazioaren ondorioak berantago ikusi nahi dituztela erran digute, araberan moldatzeko. Guk erran dizkiegu aldaketa batzuek ukanen dituzten ondorio txarrak, baina, oraingoz, ez dituzte entzuten esperimentazio hastapen honetan egiten ditugun oharrak. Nahi dute esperimentatu, eta ondorioen araberako aldaketak egin berantago.
«Azken hilabeteetan behin eta berriz erran dugu gardentasun arazoak badirela, komunikazio arazoak»
Zuzendaritzarekin mintzatzeko, ezinbestekoa da mobilizatzea?
Ez dakit ezinbestekoa denetz, baina azken hilabeteetan behin eta berriz erran dugu gardentasun arazoak badirela, komunikazio arazoak, informazio mentsa... Zailtasun handiak ditugu entzunak izateko. Zuzendaritzarekin mintzatzeko ez genekien nola egin; mobilizazioa egitea proposatu dugu, eta horrek bilkura bat ekarri du. Aski kontent gara horregatik. Galdetu dugu bilkurak egiteko gai desberdinentzat, baina zailtasunak dituzte langileak erabakiguneetan sartzeko. Lantaldeak galdetzen ditugu, baina, oraingoz, zuzendaritzak agintzen du, esperimentazioak eginez.
Bilkuran zerbait aitzinatu zen?
Aski nahasia izan zen. Paueko zuzendariak hitza hartu zuen, gardentasunaren eta komunikazioaren inguruko arrangurak entzun zituen, eta astero komunikatuko dutela hitzeman zigun. Langile batzuk lasaitu zituen, baina gehienak ez, ene ustez. Bilkuratik ateratzean, langile batzuek zioten ez zirela pazienteak aipatu eta haien egoera ez zela ulertua.
Mobilizazio gehiago egitea pentsatzen duzue?
Langileengana joko dugu, ikusteko zer egin nahi duten. Iduri zait gauza batzuk moldatuak izanen direla, Paueko zuzendariak erran baitigu astero bilkurak izanen direla zuzendari, administrari eta langileen ordezkariekin, informazioa pasa dadin. Hori kausitzen badugu, espero dut langileen kontsiderazio hobea izanen dela eta ez garela behartuak izanen berriz mobilizatzera. Dudak baditut, baina, mobilizatu behar badugu, hala eginen dugu.
Zer giro eragin du klima horrek?
Antsietatea eragiten du. Langile batzuek diote zinez ez direla batere ontsa euren lantokian. Lankide artean ikusten dugu hori, eta pazienteekin eta familiekin ere sentitzen dugu. Duda momentu bat da. Berrantolaketa horren ondorioz errana izan da eritasun geldialdiak izanen direla; jadanik badira, eta dimisioak ere izan dira. Zuzendariari erran zitzaion hori guztia hilaren 13an.
Laburbiltzeko, langileak eskas izanen dira ala lan antolaketa da arazo nagusia?
Ez da langile eskasiaren arazoa. Baziren urteak antolaketa bat plantan zela, eta duela zenbait hilabete oihalak zuritzeko zerbitzutik eta sukaldetik abiatu zen berrantolaketa; orain, gaueko erizain laguntzaileekin eta garbitzaileekin segitu dute, eta lanpostu batzuk ez dira berrituko. Gure lankideek egin dituzten kalkuluen arabera, bederatzi lanpostu ez dira berrituak izanen, eta hori anitz da. Lana zaila zen orain arteko langile kopuruarekin, eta zailago bilakatuko da. Artaren kalitatea eta lanaren kalitatea apalduko dira.