Xabi Petriarte: «Ageri da jendeak euskal rapa entzun nahi duela»

RTZ rap kolektiboan ari da Petriarte; euskal presoen alde Hendaian eginen den Futbol 7 ekinaldiaren karietara, kantu bat osatu du. Euskarazko rapak erreferenteak behar dituela uste du.

(ID_17168927880865) Xabi Petriarte, RTZ kolektiboko kidea
Xabi Petriarte. HITZA
Oihana Teyseyre Koskarat.
Hendaia
2024ko maiatzaren 31
05:00
Entzun

Hainbat munduren artean ibiltzen da Xabi Petriarte Petri (Hendaia, 1994). Ofizioz, euskara irakaslea da. Lanetik kanpo, Hendaiako Enbata gaztetxeko kide izana da, eta azken urteetan rap munduan lehen urratsak egin ditu. Orain, RTZ rap kolektiboarekin lehen disko laburra atera berri du: Konkista. Bihar Hendaian iraganen den euskal presoen aldeko Futbol 7 lagunarteko futbol txapelketarako kantu bat idatzi du, bestalde. Kantua eginik ere, bihar ez da Hendaian izanen Petri, Baionako ZUP auzoko Zuper festan kantatuko baitu RTZ kolektiboko kideekin eginen duten kontzertuan. Baionan hasi ziren rapean, eta auzo horretako rap kantariekin harremanak ehundu dituzte azken urteetan.

Rap kantu bat egin duzu euskal presoen alde Hendaian antolatzen duten Futbol 7 lagunarteko futbol txapelketaren karietara; zer errateko asmoarekin?

Urtero egiten da presoen aldeko futbol txapelketa Hendaian, nire herrian. Gure lagunek antolatzen dute, eta azken urteetan jokalari eta laguntzaile izana naiz. Aurtengo aldiko rap kantua egiteko eskatu zidaten, eta plazer handiz egin dut. Baditugu gertukoak preso izan direnak, oraindik preso direnak, eta elkartasuna adieraztea garrantzitsua iruditzen zitzaidan. Hendaiako gaztetxearen inguruan berrikiago errepresio kasu batzuk izan dira, gainera, eta RTZ kolektiboarekin kontzertu bat egin dugu sostenguz.

RTZ kolektiboa nondik abiatu zen? Eta zer bide egin duzue?

2021ean sortu zen kolektiboa, Baionako Zizpa gaztetxean. Hasieran, rap tailer irekiak egiten genituen. Ber denboran, eman izan ditugu kontzertu ttipi batzuk Baionako ostatuetan, Korrikaren karietara, Herrian Bizi kantuaren karietara... Jendeak galdetzen zigun musika hori non entzuten ahal zuen, baina ez genuen deus atera plataformetan, ezta disko fisikoetan ere. Hortik, tailerrari amaiera ematea deliberatu genuen, disko labur bat ateratzeko, lau rap kantariren artean, eta horrela iritsi gara atera berri dugun Konkista albumera.

Zer harrera sentitu duzue?

Harrera baikorra izan dela uste dut. Apirilaren 19an atera zen albuma, eta geroztik Euskal Herri osoan kontzertu batzuk egin ditugu. Anoetako zelaian (Donostia) kantatzeko lehiaketa irabazi genuen, eta iragan astean izan zen kontzertua. Ekaineko asteburu guziak beteak ditugu. Zinez pozik gara; ageri da jendeak euskal rapa entzun nahi duela. Orain dagokiguna da gure proiektua defendatzea eszena ttipi eta ez hain ttipietan.

Bi hizkuntzetan ari zarete RTZ kolektiboan: euskaraz eta frantsesez. Zuk euskara hutsean egiten duzu. Zer gogoeta izan dituzue horren inguruan?

Egia erran, ez dugu eztabaidarik izan horren inguruan. RTZ kolektiboaren hastapenean, tailerrak ematen genituenean, etorkinekin aritu izan gara: batzuk frantsesez, besteak malinkeraz, rapa alemanez kantatzen zuen lagun bat ibili zen gurekin... Bakoitzak bere duen hizkuntzan, azkenean. Gure komunikazio tresna euskara da, eta naturaltasunez eta normaltasunez jokatzen dugu hizkuntzekin.

«Normalean egoten ez den leku batera eramanen dugu euskara, eta biziki kontent gara euskal rapa Baionako bazter batzuetara eramateaz»

Tailerrak egitean, harremanak izan dituzue ZUP auzoko gazteekin, eta kontzertua izanen duzue bihar auzo horretako Zuper festan. Zer-nolako harremanak egin dituzue auzoko herritarrekin?

Tailerrak egin izan ditugu maiz han, eta beti harremanak izan ditugu hango hezitzaileekin. Urtero egiten duten festara gonbidatu gaituzte orain, eta guretzat plazer handia da: normalean egoten ez den leku batera eramanen dugu euskara, eta biziki kontent gara euskal rapa Baionako bazter batzuetara eramateaz.

Konkista albumeko kantu gehienetan gai sozial eta politikoak aipatzen dituzue. Rap engaiatua egitea deliberatu duzue?

Xumeki ari gara, eta gure sentitzen ditugun gaiak aipatzen ditugu. Aski da etxeko leihoa irekitzea ikusteko zer geratzen den gure inguruan: hortik inspiratzen gara. Gure ustez, raparen indarra da errealitate bat kontatzea, eta ez gara hasiko kontatzen ezagutzen ez ditugun gauzak.

RTZ kolektiboa, Odei... Uste duzu Ipar Euskal Herrian bide bat irekitzen ari zaiola euskarazko rapari?

Bada rapa entzun nahi duen jende anitz Euskal Herrian, baina erreferente anitz Espainian edo Frantzian dituzte. Euskal Herriko rap kantari erreferenteak falta dira, eta, argiki, guretzat Odei izan da bat. Gazteago ginenean, baziren Max edo Selektah kolektiboa. Baina segur dena da Odeik bidea errazten digula, laguntzen gaituela, materiala prestatzen, bideoak grabatzen... Erreferente eta laguntzaile bat da guretzat, eta hasi zenean ez zuen bera laguntzeko erreferenterik, agian. Gure kulturak orokorrean behar ditu erreferenteak: rapean, kirolean... Rapean ez ziren hainbeste, eta guk saiatu nahi dugu horretan gure bidea egiten, xumeki.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.