Baselizaren inguruko bizitza

Gerediaga elkarteak 1980ko hamarkadan indusketak hasi zituen Garaiko Momoitio auzoko baseliza inguruan. II. mendean iritsi ziren lehen erromatarrak hara.

Garaiko Momoitioko San Juan baseliza
Garaiko Momoitioko San Juan baseliza eta ingurua, joan den asteburuko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
2023ko azaroaren 3a
05:00
Entzun

Asko dira ilunabarra ikustera Momoitioko baseliza (Garai) ingurura hurbiltzen direnak. Gaur egun lagunekin elkartzeko toki dena erromatar talde baten bizitoki izan zen II. mendean. Kokalekuak, baina, ez zuen arrakasta handirik izan, eta bizilagunek handik joatea erabaki zuten. IX. mendean Oiz mendiaren magalean dagoen auzora iritsi zirenei, aldiz, toki paregabea iruditu zitzaien: Momoitio euren aterpe bilakatu zen.

1982an Momoitioko San Joan baselizan indusketak hasi zituen Durangaldeko Gerediaga elkarteak. Helburua «arbasoen aztarnak bilatzea» zen, «Euskal Herriaren historia hobeto ezagutzeko asmoz», elkarteak azaldu duenez. Hiru urtez ibili ziren eskualdeko eremu horretan lanean, eta harrizko eliza baten oinarriak aurkitu zituzten. Tenplua 150 hilobiz inguratua zegoen, eta haietako 113 zulatu zituzten. Ondorio nagusi bi atera zituzten aurkikuntzetatik: hilobien estaldurak bere garaian bezala zeudela —manipulatu gabeak— eta uste baino berrehun urte gehiago zituztela: IX. mendekoak ziren.

1989an, lehenengo indusketak baino zazpi urte geroago, bigarren indusketak hasi zituen Gerediagak; orduan, Garaiko Udalak eskatuta. Udalak obrak egin zituen gaur egungo hilerriaren inguruan, eta lanetan erromatarren garaiko hilobi batzuk aurkitu zituzten. Hori izan zen Gerediaga elkarterengana jotzeko arrazoia: hilobiok aztertu nahi zituzten. Momoitiokoaren oso antzeko ezaugarriak zituen nekropoli batekin egin zuten topo, eta indusketetan ohartu ziren 1.300 urte lehenago toki horretan orduko gizarterik atzerakoienetariko bat bizi zela.

Momoitioko nekropoliko baselizak hamabost metro koadro baino ez zituen. Harriz eta egurrezko zutabez zegoen osatuta. «Garai hartan, Momoitio inguruko herrixketako baseliza guztiak Momoitiokoaren oso antzekoak ziren: txikiak. Hala ere, inguruan bazeuden oso landuta zeuden baseliza handiak ere, baina ez ziren ohikoenak», azaldu du Gerediaga elkarteak. Garai hartako baseliza askotan, noiz eraiki zuten agertzen da harri baten idatzita; Momoitiokoan, ordea, ez.

Goi Erdi Aroan, baselizen inguruetan hilerri bat eraiki ohi zuten. Bi zatitan banatzen zituzten: pribilegiatuen gorpuak lurperatzeko gunea eta gainontzekoak lurperatzeko tokia. Momoition, gorpu gehienak lurperatzen zituzten; pribilegiatuenak, harrizko zuloetan sartzen zituzten. Zuloa Oiz mendiko harrobietatik ekarritako harriekin inguratzen zuten. Momoition bizi zen taldetxoa kristaua bazen ere, hildakoen inguruko ohiturak kristautasunaren aurreko sinesmenetatik heldutakoak ziren.

Momoition bizi izan zirenen inguruko informazioa ere eman du Gerediagak. Ikerketetan ondorioztatutakoaren arabera, oso gazte hiltzen ziren; gehienak, 14 urte bete orduko. Dena den, adin hori gainditzea lortzen zutenek 40 urte inguruko bizi itxaropena zuten, batez beste. Gainera, oro har, emakumeak gizonak baino lehenago hiltzen ziren. Gorpuak aztertuta, ondorioztatu dute emakumeetako asko erditzeko orduan zendu zirela.

Oiz mendiaren magalean bizi ziren erromatarren inguruko informazio asko atera den arren, Gerediagak ez du lortu jakitea zertan lan egiten zuten. Hala ere, garai hartako biztanleen eginbeharretan oinarrituz, elkarteak uste du, abereak zaintzeaz gain, lurra ereiten zutela.

Herrixkaren egiturari dagokionez, bi erreferentzia puntu zituen: baseliza eta nekropolia. Inguruan egurrez egindako etxetxoak eraiki zituzten. Gerediaga elkartearen ustez, etxe horien aztarnak gaur egun auzoan dauden baserri bien lurpean egon daitezke. Herrixkako bideak ere elizatik eta nekropolitik abiatzen ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.