Autobusak bahitzen aitzindariak

1978an, Bilboko Uretamendiko eta Betolatzako bizilagunek euren auzoak hirigunearekin lotzeko autobus linea bat aldarrikatu zuten; lortu zuten. Antzeko borroka batean oinarritu da 'El 47' filma.

Bilbobuseko 27. lineako autobusa, Urtemanediko geralekuan, eguaztenean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Bilbobuseko 27. lineako autobusa, Betolazara doana, Uretamendiko geralekuan, eguaztenean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
irene baranano
Bilbo
2024ko azaroaren 1a
05:00
Entzun

«Autobus hau bahituta dago». Bizilagunak autobusean sartu ziren, eta euren auzo marjinal eta aldapatsuraino gidatu zuten, autobusa bertaraino igotzea posible zela erakusteko. Handik gutxira, udalak bere aitzakiak baztertu, eta autobus linea jarri zien. Istorio hori kontatzen du El 47 izeneko filmak; 1978an, Torre Baro auzoko (Bartzelona) bizilagunek autobus linea lortu zutenekoa: 47. linea, hain zuzen. Borroka hori ez zen, baina, aitzindaria izan: Bilboko Uretamendi eta Betolatza auzoetan gertakari bera jazo zen hiru aste lehenago —lortu zuten 27. linea, eta gero dokumental bat egin zuten—. Hortaz, pentsa daiteke Torre Baroko auzokideak Uretamendi eta Betolatzakoetan oinarritu zirela.

Oso antzekoak dira bi kasuak. 1950eko hamarkadan sortu zen Torre Baro auzoa, Bartzelonako aldirietan, baita Uretamendi eta Betolatza auzoak ere —Peñascal, Banderas eta Masustegi, besteak beste—, Bilboko aldirietan. Langileek modu autogestionatuan sortutako auzoak izan ziren hasieran: familientzako etxolak, errepideak, espaloiak, eskailerak... Den-dena bertako bizilagunek eraikitzen zuten, hiri inguruko mendien magaletan.

Auzo malkartsuak dira, hiriko erdigunetik oso urrunduak, eta errepideak, langileek beren eskuz eta ekimen propioz eginak. Kaleak estuak eta aldapatsuak ziren, arautu gabekoak. Horretaz baliatu zen udala Bilboko eta Bartzelonako auzo marjinal eta txiro horietan autobus zerbitzurik ez jartzeko. Uretamendi eta Betolatzako auzokideek hainbat manifestazio eta protesta egin zituzten Bilboko Udalari autobus bidezko konexioa eskatzeko, baina alferrik izan ziren.

'Línea 27' dokumentala

2007an egin zuten Línea 27 izeneko dokumentala. Hamazazpi minutukoa da, Uretamendiko eta Betolatzako auzokideek 27 zenbakiko autobus linea nola lortu zuten azaltzeko nahikoa. Uretamendi eta Betolatzako hainbat auzokideren ahotsak biltzen ditu dokumentalak, baita bi autobus gidarirena ere: Jesus Garcia Karranza —autobusa bahitu zuten egunean autobusetik bidali zuten gidaria— eta Rafa Natera —autobusa bahitu zuten lekutik Uretamendiraino igo zuen gidaria—. 

Errekalde-Betolatza auzokideen elkarteko Jose Torrek dokumentalean zioen behar handia zutela autobus linea izateko: «Auzotik Errekaldera joateko bideak eta eskailerak bizilagunon artean eraiki genituen. Errekaldetik auzora [Uretamendira edo Betolatzara] igotzea gogorra zen, eta are gehiago pisuzko poltsekin, adinekoekin, umeekin, gaixoekin... Azkenean, kale batzuk moldatu genituen autoren bat joan ahal izateko, baina benetan behar genuena autobusa zen».

«Auzotik Errekaldera joateko bideak eta eskailerak bizilagunon artean eraiki genituen. Errekaldetik auzora igotzea gogorra zen, eta are gehiago pisuzko poltsekin, adinekoekin, umeekin, gaixoekin... »

JOSE TORRE Bilboko Errekalde-Betolatza auzokideen elkarteko kidea

Hainbat protestaren ostean, 1978ko apirilaren 16an, autobusari azken geralekuan itxaron, gidariari dirua ateratzeko eskatu zioten, eta autobusa bahitu zuten. Ogibidez autobus gidaria zen Rafa Natera, eta hark gidatu zuen bahitutako autobusa Uretamendiraino. Auzora ailegatu zenean, aparkatu egin zuen, gurpilak airez hustu zituzten, eta bertan utzi zuten autobusa egun batzuez, auzoko bizilagunek jai handi batekin ospatu bitartean. «Pena nuen, auzokideak autobusaren iritsiera ospatzen ari ziren bitartean nik auzotik ospa egin behar izan nuelako egun batzuk, Poliziak eraman ez nintzan», azaldu zuen Naterak dokumentalean.

1978ko uztailaren 1ean jarri zen martxan 27 zenbakidun autobus linea: Arabella auzotik abiatu, Bilboko erdialdea zeharkatu, Errekalden eta Uretamendin gelditu eta Betolatzaraino igotzen da. Horrez gain, semaforo bat jarri zuten, autobusaren eta gainontzeko ibilgailuen trafikoa erregulatzeko.

Auzoa sortzen

El 47 izeneko filmaren arrakasta ikusita, Errekalden kokatuta dagoen Aluzeta zentro komunitarioan 27 linea dokumentala eman eta jazoerari buruzko hausnarketa egin zuten urriaren 23an. Auzoko bizilagunek, Rafa Natera auzoko autobus gidariak eta Mikel Arriaga Errekaldeko soziologoak hartu zuten parte. Topaketaren antolatzaile Aluzetako langile Fer Atxa izan zen. 70 lagun pasa bildu ziren. «Uste dugu auzoen memoria demokratikoa berreskuratzea guztiz beharrezkoa dela, nondik gatozen ulertzeko eta eskubideak nola lortu izan diren jakiteko», esan du Atxak. Garrantzitsua iruditzen zaio nabarmentzea borroka hura Bilboko beste auzo batzuetara zabaldu zela: «Arangoitin, Altamiran... antzeko protestak izan ziren autobus lineak lortzeko. Batzuetan autobusak errepide erdian gurutzatuta jartzen zituzten, edo antzeko ekintzak egiten zituzten».

«Uste dugu auzoen memoria demokratikoa berreskuratzea guztiz beharrezkoa dela, nondik gatozen ulertzeko eta eskubideak nola lortu izan diren jakiteko»

FER ATXA Bilboko Aluzeta zentro komunitarioko langilea

Autobusaren 27 linea baduten arren, orain metro konexioa eskatzen ari dira, Bilbo hegoaldeko auzoak Moyuarekin lotzeko. «Bilbo Handiko eremu bakarra gara metro konexiorik ez duena», salatu du Atxak. Hark dioenez, Abandon geltokia berritzeko lanaren ostean dago aurreikusita euren guneko obra hori, baina, erakundeek zabaldutako azken informazioen arabera, Abandorekin lotuko lukete metroa eta ez Moyuarekin, auzokideek eskatu bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.