Alokairu sozialeko beste berrehun etxebizitza prestatuko dituzte Bilbon 2027rako

Bilboko Udalak datozen lau urteetarako Etxebizitza Plan Estrategikoa aurkeztu du. Besteak beste, gazteak, familia zaurgarriak eta bakarrik bizi diren adinekoak laguntzeko programak garatuko dituzte.

ARITZ LOIOLA / FOKU
Adineko emakume bat etxebizitza agentzia bateko iragarkiei begira, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2024ko uztailaren 13a
05:00
Entzun

Etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko plan estrategiko bat ondu du Bilboko Udalak datozen lau urteetarako. Yolanda Diez Bilboko Udaleko Etxebizitza zinegotziak martitzen goizean aurkeztu zuen proiektua jendaurrean, eta hiru ardatz nagusi zehaztu zituen: Bilboko Udal Etxebizitzen ondareari balioa ematea; etxebizitza parke publikoa handitzea, «balio soziala» sortzeko; eta etxebizitzaren arloko politikaren eta udal zerbitzuaren kalitatea bermatzea. Plana aurrera eramateko, etxebizitza premien inguruko diagnosi bat egin dute aurrena, eta emaitza horietan oinarritu dira erabakiak hartzeko. Hala, esaterako, Bilbon alokairu sozialeko beste berrehun etxebizitza prestatuko dituzte 2027rako.

Bilboko herritarrek etxebizitza «duina eta eskuragarria» izatea da Etxebizitza Plan Estrategikoaren helburu nagusia, Diezek azpimarratu duenez: «Etxebizitza Plana funtsezko tresna da Bilbon dauden etxebizitza premiei erantzuteko eta horiek eskuratzeko eskubidea bermatzeko. Herritar guztiengandik hurbil dagoen kalitatezko etxebizitza zerbitzu bat ezarri nahi dugu». Agindu dituzten alokairu sozialeko berrehun etxebizitzetatik 93 Ametzolako etxebizitza parke publikoan eraikiko dituzte, eta beste 120 bizitoki eskaintzeko asmoa ere badute. Horrez gainera, zinegotziak adierazi du hainbat neurri jarriko dituztela indarrean eskariari aurre egiteko; besteak beste, bi urtetik gora hutsik daramatzaten etxeak identifikatu eta erabilgarri jarriko dituzte.

«Etxebizitza Plana funtsezko tresna da Bilbon dauden etxebizitza premiei erantzuteko eta horiek eskuratzeko eskubidea bermatzeko».

YOLANDA DIEZBilboko Udaleko Etxebizitza zinegotzia

Ez da neurri bakarra izango: Bilboko Udalak hainbat programa garatuko ditu herritarrei laguntzeko. Esate baterako, arrazoi profesionalengatik hiria utzi behar izan duten gazteei, familia zaurgarriei eta bakarrik bizi diren adinekoei bideratuta egongo dira horiek. Gazteei begira, indarrean jarraituko du Bilboko Udal Etxebizitzak Gazte Solidarioentzat programak. Izena ematen dutenek baldintza bakarra bete beharko dute: graduondoko ikasketetan matrikulatuta egotea. Alokairuak oso prezio onean eskura ditzakete hala, eta, eskubide horren truke, astean lau ordu bideratu behar dituzte elkartasun proiektuetan jardutera.

Diazek arreta berezia jarri du udal zerbitzuen kalitatean. «Etxebizitzaren udal behatoki bat sortuko da, alokairuan dauden etxebizitzen prezioei jarraipena egiteko», esan du. Horrez gainera, Etxebizitzaren udal bulegoak zerbitzu gehiago eskainiko ditu; etxebizitza kudeatzeko eta sustatzeko programen parte hartzea sustatuko dute, eta etxebizitza zerbitzuen digitalizazioan sakonduko dute.

Denera, 25 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusi du Bilboko Udalak proiektu horiek guztiak aurrera eramateko. Horietatik hamabi milioi euro Bilboko Udaletik jasoko dituzte, hamar milioi euro Eusko Jaurlaritzatik, eta, gainerakoa, Udal Etxebizitzetako funts propioetatik eskuratuko dute.

Gabeziak eta aukerak

Diagnosiaren arabera, Bilboko biztanleen %15,7 alokatutako etxebizitza batean bizi dira gaur egun. Aldiz, hamarretik zortzi baino gehiago euren etxeen jabe dira. Alde horretatik, Diazek nabarmendu du «egiteko asko» dagoela, baina gainerako lurraldeekin alderatuta eta uste du positiboa dela Europako batezbestekotik «oso urruti» egotea —%30,1 bizi dira alokairuan—. Bilbon, zehazki, 82 biztanleko etxebizitza bat dago alokairu sozialean.

4.430

Zenbat etxebizitza publiko egongo diren Bilbon 2027an. Bilboko Udalaren arabera, 2027an 4.430 etxebizitza publiko egongo dira hirian. Hain zuzen, 93 apartamentu zerbitzudun eraiki nahi dituzte, eta 120 bizitoki eskaini. Gaur egun, parkeak 4.142 etxebizitza eta 86 apartamentu zerbitzudun ditu.

Duela hiru urte, Bilbon 22.500 biztanlek izan zuten etxebizitza eskuratzeko beharra. «Horietatik 16.800 herritar 18 eta 44 urte arteko herritarrak ziren», zehaztu du Etxebizitza zinegotziak. Urte berean, 16.000 familiak esan zuten etxebizitza aldatzeko beharra zutela, eta beste 13.900 familiak eskatu zuten etxebizitza birgaitzea; hiriko familia guztien %11 eta %9,5 dira horiek, hurrenez hurren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.