Zinema, elikagai

Vojtech Jasny zinemagile txekiarraren inguruko film dokumental bat egin du Arkaitz Basterrak: 'Life & Film'Donostiako Zinemaldian eman zuten, eta orain zinema aretoetan ikus daiteke

Vojtech Jasny zinemagilea, Arkaitz Basterraren Life & Film film dokumentalean. BERRIA.
Bilbo
2012ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Zinema eta bizitza loturik doaz Vojtech Jasny zinema zuzendariaren kasuan (Txekiar Errepublika, 1925). Aitaren eskutik jaso zuen zinemarako zaletasuna, eta oso gaztetatik hasi zen bizitzen filmagintzari lotuta: «Zinema da nire mezua, eta ez diot utziko zinema egiteari hil arte; nire lana amaiturik dagoenean, orduan helduko da nire ordua». Nazien eta sobietarren okupazioak ezagutu ondoren, erbestera joan behar izan zuen, eta urteak eman zituen Europako hainbat herrialdetan, harik eta 80ko hamarkadan New Yorkera heldu zen arte. Han bizi da ordutik, eta hantxe ezagutu zuenArkaitz Basterrak (Zornotza, 1974), New Yorkeko Zinema Eskolan.

Denborarekin haren aholkulari eta lagun bihurtuko zen Jasny. Basterraren bigarren film luzeada Life & Film (Bizitza eta zinema), Jasnyren inguruko dokumentala. Atzo estreinatu zuten Bilboko eta Gasteizko aretoetan. Donostian eta Iruñean, martxoan eta apirilean estreinatuko da. Aurretik, mundu osoko hainbat jaialditan aurkeztu dute, eta Jaengo Zinema Dokumentaleko Jaialdiko saria irabazi zuen.

Jasnyk oraindik bizirik dauden lagunei eginiko bisitak biltzen ditu dokumentalak. Lagunarteko hizketaldien bidez, maisuaren bizitza ezagutarazten du Basterrak. Zuzendari txekiarraren bizitzako momentu adierazgarrienak gogoratzen dituzte. Bere garaiko ume askoren antzera, ez zuen bizitza errazik izan; gazte zelarik naziek Txekoslovakia nola inbaditzen zuten ikusi zuen. Gestapok aita preso eraman zuen kontzentrazio esparru batera, eta hantxe hilko zen urtebete beranduago. Sobietarrak heldu ziren gero, eta, bere ideiei eusteagatik, erbestera joan behar izan zuen. Erbestean zelarik, KGB sobietarra behin baino gehiagotan saiatu zen Jasny hiltzen. Jugoslavian eta Alemanian denbora luzea eman ondoren, 1984an New Yorkera joan zen, Columbiako Unibertsitatera zinema eskolak ematera. Oraindik ez die irakasle lanei utzi.

New Yorkeko Zinema Eskolanhiru eskola magistral ematen ari zen 2003an, eta ikasleei bere telefono zenbakia eta helbidea eman zizkien, laguntzarik behar izanez gero harremanetan jartzeko. 80 urte inguru zituen orduan, eta zeukan bizitasunak harritu zuen Basterra. Bere istorioa kontatu zion Basterrak gutun baten bidez: banku batean egiten zuen lana utzi berri zuen, eta zinemaren inguruan eraiki nahi zuen bizitza. Jasnyren deia jaso zuen gero. Tea hartzera gonbidatu zuen etxera.

Jasny ezagutzeak eragin handia izan zuen Basterraren bizitzan. «Berarekin film hau egitea, bizitza aldaketa handia izan da niretzat. Zinema aldetik, asko ikasi dut berarengandik, Vojtech Jasny maisua da zinema munduan, eta nire zinemari garapen izugarria eragin dio. Pertsona moduan ere, oso aberasgarria izan da. Azken finean, haren bizitza osoa zer izan den ikusteak, bizitzeko duen ikuspuntuak, hain positiboa eta hain bitalista da bera, eta niri horrek asko erakutsi dit. Nire bizitzan ere, eragin handia izan du, film hori izan zen Pragara lehen aldiz etortzeko arrazoia, eta orain hemen nago bizitzen eta beste pelikula bat egiten», azaldu du, telefonoz. «Berarekin ikasitakoa laburtu beharko banu, esango nuke berak esaten duen esaldi bera: bizi behar dugu momentu hau, eta horrek eramango gaitu hurrengo pausora».

Zinemak bideratu ditu bien bizitzak, eta zinemak elkartu zituen 2003an. Basterrak, Agian/Maybe pelikula filmatu zuen urte batzuk geroago, Kirmen Uribek, Mikel Urdangarinek, Mikel Valverdek, Bingen Mendizabalek eta Rafa Ruedak New Yorkera egindako bidaiaren inguruan. Poesia eta musika emanaldiak ematera joan ziren. Zinemagilea Euskal Herrira bueltatuko zen gero. « Agian amaitu eta hor ikusi nuen, bai niretzat, eta bai berarentzat izan zitekeen momenturik egokiena haren bizitzari buruzko filma egiteko. Euskal Herrian bizi nintzen ordurako, baina New Yorkera joan nintzen eta galdetu nion ea berari buruzko film bat egin nezakeen; baiezkoa eman zidan, eta horrela hasi ginen».

Zinemari lotutako bizitza

Vojtech Jasnyk arrakasta handia izan zuen 60ko hamarkadan. Gaur egun, oraindik ere filmak egiten eta zinema eskolak ematen ditu New Yorken. Fikziozko hainbat lan eta zenbait dokumental prestatzen ari da, besteak beste, Az prijde kocour (Cassandra katua, 1963), Vsichni dobri rodaci(Nire aberkide guztiak,1968), Warum ich Dich liebe (Txekiar rapsodia, 1969) eta The Clown (Pailazoa, 1976) egin ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.