Izen eta itzal handia dauka Tolosako Abesbatza Lehiaketak (Gipuzkoa), eta ibilbidea ere ez du makala. Aurten 50. ekitaldia antolatu du Tolosako Ekinbide Etxeak (TEE), eta atzera begirako berezia egingo dute gaur hasi eta igandera bitartean. Ez da ohiko atalik izango aurtengoan: azken urteetako abesbatza irabazleak gonbidatu dituzte, mundu osoko ordezkaritzaren bila.
Urteurren borobila baliatu dute lehiaketaren historia biltzeko, eta kopuru ikusgarriekin neurtu dute haren garrantzia: bost kontinentetako 60 herrialdetako 1.200 abesbatza baino gehiago aritu dira Tolosan. «Apal hasi bazen ere, Europako abesbatza lehiaketarikprestigiotsuenetako bat da egun», gogorarazi du Julian Lakunza TEEko presidenteak.
Hiru kontinentetako hamasei abesbatzak hartuko dute parte aurten. Garrantzia eman diote taldeen arteko aniztasunari, unibertsaltasuna islatzearekin batera, nork bere lurraldearen bereizgarri den estiloa baitauka. Eskandinaviako bi abesbatza egongo dira, Ingalaterrako bat, Ukrainako beste bat, Frantziakoa... eta Alemaniako bi. Herrialde bakoitzeko bakarra aukeratzen saiatu dira, baina Alemania izan zen lehiaketan parte hartu zuen lehen atzerriko taldea, eta harreman berezia dute haiekin.
Amerikako bi abesbatza ariko dira: AEBetakoa bata eta Kubakoa bestea, eta Asiako hiru abesbatza gonbidatu dituzte aurten: Filipinetako bat, Indonesiako bat eta Japoniako bat. Indonesiako abesbatzek izan duten bilakaera nabarmendu dute, lehiaketak gertutik jarraitu dituelako urte hauetan guztietan. Aurten Tolosan ariko dena (Batavia Madrigal Singers) Indonesiako abesbatzarik onena da, antolatzaileen iritziz.
Epaimahaian ere bilatu dute aniztasun hori: Enrique Azurza tolosarra etxean ariko da, eta harekin izango dira Errusiako Nadezhda Averina, Suediako Gary Graden, Esloveniako Stojan Kuret, Erresuma Batuko Peter Phillips, AEBetako Jordan Sramek, Letoniako Maris Sirmais eta Hego Koreako Shin-Hwa Park.
Lakunzak nabarmendu du abesbatza txapelketak jende ugari formatzeko balio izan duela urte hauetan guztietan: «Koralistak, zuzendariak, eta, garrantzitsuagoa dena, publikoa ere formatu du». Gainera, euskal musika nazioartera zabaltzeko konpromisoa ere badu lehiaketak. 50 urteotan, 430 euskal abesti kantatu izan dituzte lehiaketan parte hartu duten taldeek, eta mundu osoko abesbatzak euskaraz kantuan aritu dira Tolosan.
Aurten, bi kontzertu berezi daude. Hasierakoa, Europako sari bat irabazi duen gizonezkoen abesbatza bakarrak emango du, Esloveniako Vokalna Akademija Ljubljanak. Beste kontzertu berezian Euskal Herriko abesbatzak ariko dira kantuan: Hodeiertz, Oroith eta Loinaz abesbatzek egingo dute African Sanctus kontzertua, Enrique Azurzaren zuzendaritzapean.
Urrezko kantaldia
Mende erdia bete du Tolosako Abesbatza Lehiaketak. Edizio berezia antolatu dute urteotan irabazle izan diren hamasei abesbatzarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu