Trikitirako doinu berriak

Bost trikitilarik sortutako piezak biltzen dituen 'Geure Kolkotik' diskoa kaleratu du Trikitixa Elkarteak

Juan Ramon Azpitarte Imuntzo da diskoko partaideetariko bat. I. OTEGI /ARP.
Araitz Muguruza.
2013ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Ezagunago dira batzuk, ez horrenbeste beste batzuk, baina guztiak dira erromeriatan zaildutako trikitilariak. Juan Ramon Azpitarte Imuntzo, Alaitz Telletxea, Iñaki Zabaleta, Saioa Lizarralde eta Ander Malbadi. Hiruna pieza egin dituzte Geure Kolkotik bildumako laugarren alerako.

Soinu jotzaileen abesti propioak kaleratzeko helburuarekin hasi zen Trikitixa Elkartea Geure Kolkotik diskoa kaleratzen, 2010ean. Elkartearen arabera, soinu jotzaileei aukera bat eman nahi diete: «Diskogintzaren egoera zein den jakinik, guk aukera eskaini nahi diegu beraiek sortutako abesti bat grabatzeko».

Aurtengo alean Saioa Lizarralde eta Ander Malbadi gazteen abestiak daude entzungai. Biak ala biak aritzen dira erromeria talde banatan. Lizarraldek Obenauke taldean jotzen du; Malbadik Zesuma taldean. Malbadik,gainera, etxetik dakar trikitiarekiko zaletasuna, aita Iñaki Malbadi soinu jotzailea baitu.

Iñaki Zabaleta Ken Zazpi taldeko teklatua da. Profil horregatik da ezaguna, batez ere, baina hainbat erromeriatan jotako musikaria da. Band erromeria taldea osatu baitzuen Eñaut Elorrietarekin. Kepa Junkerarekin ere jotzen aritutakoa da. Eta aski ezagunak dira diskoko beste musikariak ere. Alaitz Telletxeak eta Maider Zabalegik osatutako bikoteak —Alaitz eta Maider taldeak—, Euskal Herriko plaza guztiak zeharkatu zituen 90eko hamarkadan. Eta Imuntzo, berriz, oraindik ere plazetan jotzen eta diskoak kaleratzen dabil Eleuterio Jauregi Beloki-rekin batera.

Perkusioa lagun

Baldintza bakarra izan dute abestiak sortzeko garaian: perkusio instrumentuek lagunduta osatu behar izan dituzte kantak. Handik aurrera nahi duten moduan egin dituzte kantuak, betiko doinu lasai eta biziekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.