Donostiako eta Euskal Herriko entzulearentzat ezaguna da Josetxo Silguero saxofoi jotzailearen lana. Behin baino gehiagotan aritu izan da bai Musika Hamabostaldian eta baita beste hainbat jaialditan ere. Laukotean ariko da gaur San Telmo museoan, beste hiru saxo jotzaile lagun hartuta. Urte batzuk badaramatzate elkarrekin lanean Andres Gomisek, Angel Soriak, Miguel Romerok eta Josetxo Silguerok, baina oraindik ere lilura eragiten dute kritikari eta zaleen artean. 2008an egin zuten estreinaldia, Donostiako Hamabostaldian bertan, eta haien «espiritu ludiko eta perfekzionista» nabarmendu zuten.
Sonoritate magikoak ateratzeko gai direla diote batzuek, egitura konplexu eta zailetan barneratu arren, soinu garbi eta zehatza ateratzen dutela diote bestetzuek, baina guztiek nabarmentzen dute laukotearen sormen eta interpretatzeko maila.
Garbi dago laukoteak ahalegin berezia egiten duela saxofoirako errepertorioa berritzeko, eta eszenaratzea ere asko zaintzen duela. Musika konpositore askoren arreta bereganatu dute, eta euren lanak interpretatzeko eskatu izan diete. Baita eskaera ondo bereziak jaso ere, lau saxo baxurekin kontzertu bat egiteko, adibidez. Hala osatu zuten Xabier Carbonellen Lalibela obra, orkestra sinfonikoz lagunduta, edota Thierry Allaren Chaman, musika elektronikoaren laguntzaz.
Donostiako 74. Musika Hamabostaldia
Saxofoi laukote berritzaile eta ludikoa
Sigma Project laukotea ariko da gaur San Telmo museoan, musika garaikideko zikloan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu