Albert Pla. Musikaria

«Oraingoz, ez gaituzte inon egurtu. Bizirik jarraitzen dugu»

Gitarra akordeak, kantak eta hitzak nahastu eta jendaurrean aurkeztuko ditu Plak larunbatean, Donostiako Intxaurrondoko kultur etxean. «Etxera itzultzea bezala» dela iruditzen zaio.

DAVID FERNANDEZ / EFE.
Ander Perez Argote
2015eko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Pentsatzen dituen bezala esaten ditu gauzak Albert Pla musikariak (Sabadell, Herrialde Katalanak, 1966). Polemikak ere ekarri dizkio horrek, baina argi du hori ere badela ogibidearen parte, «agertokira igotakoan zerbait probokatu» nahi izaten duelako. Bestela, dioenez, «zertarako oholtzara igo?».

A pleno pulmón (Arnasa betean) ikuskizuna aurkeztuko duzu Donostian. Ikuskizun intimista dela irakurri dut...

Ez dakit horrekin zer nahi duten esan. Ni bakarrik agertuko naiz oholtzan, gitarra batekin, argi makina batekin eta bi fokurekin. Kantak abestera aterako naiz. Bueno, kantak eta bururatzen zaizkidan gainerako gauzak.

Kantautore batentzako formatu perfektua da?

Tira, zalantzarik gabe, halako aretoak leku onak dira halako formatuko ikuskizunentzat. Beti suertatzen dira gauza bitxiak.

Ez zaizkizu jendetzak gustatzen?

Ez, ez da hori ere; ikuskizunaren araberakoa izaten da hori. Kasu honetan, ikuskizunari oso ongi datorkio aretoa: jendea erlaxatua egoten da, eserita eta kopatxo bat hartzen. Badira halako lekuetan egin ezin daitezkeen espektakuluak. Hau erlaxatuagoa da.

Ikuskizuna diozu, ez kontzertua. Finean, kantak zure hitzekin ere nahasten dira.

Jendearen erreakzioen arabera jokatzen dut. Hobe izaten da aurrez ahalik eta gauza gutxien prestatuta izatea.

Zu bezain protagonista da publikoa ere.

Bai, hariari jarraitu behar izaten diodalako.

Nola erantzuten du?

Oraingoz, ez gaituzte inon egurtu. Bizirik jarraitzen dugu, eta lanean. Niri sentsazio oso onak ematen dizkit publikoak, kontzertuan eta ostean. Oso atsegina da, eta hala segi dezala.

Zer gertatuko litzateke publikoak ez balu erantzungo?

Ziurrenik, abeslari izateari utziko niokeela. Zer egingo dut, bada, oholtzara kantatzera atera eta inork ez badit kasurik egiten?

Esan nahi dut neurri batean publikoaren erantzunean oinarritzen dela ikuskizuna. Horren araberakoa da zure inprobisazioa. Nola funtzionatzen du?

Ez dakit, oso gauza fina da. Publikoak erreakzioak ematen dizkit, aldarteak, eta, hala, gauza bat edo bestea egitea iradokitzen didan giroa sortzen da. Edo bat-batean aurreikusita ez neukan zerbait bururatzen zait.

Pertsona deserosoa zarela diote. Eroso dirudizu, dena dela.

Bai, sofa batean jarrita kantatzen dut; beraz, ziurrenik, munduko kantaririk erosoenetako bat izango naiz. Gainera, zergatik izango naiz, bada, deserosoa?

Agian, sektore batzuentzat zara deserosoa.

Bai, egunero galtzen dugu ez daukagun publikoaren beste parte bat.

Polemika ofizioaren parte al da?

Oholtza gainera igotzean zerbait probokatu nahi izaten dugu; bestela, zertarako igo? Oholtzatik kanpora gehiago kostatzen zait, zailagoa da ongi azaltzea, edo errazagoa esaten duzuna gaizki ulertzea eta mezua jaso beharko ez lukeenarengana iristea [irriak]. Errazagoa da eskuetatik ihes egitea.

Oholtzan agertzen denak,beraz, ez du zerikusi handirik benetako Albert Plarekin?

Oholtzan nagoela lorezaintzan, kozinatzen edo komunera noanean bezain ezberdina naiz nire benetako ni-arekiko. Hau da, momentu bakoitzean naizen modukoa naiz [irriak]. Oholtzan nagoenean, ahal dudan guztia egiten dut eroso sentitu eta nahi dudan mezua ongi azaldu ahal izateko. Ez da beste ezertarako ariketa bat.

Eta lortzen duzu ongi azaldu nahi duzun hori ulertaraztea?

Tira, batzuetan ez dago ulertu beharrik ere. Batzuetan gauzak alderantziz uler daitezke, eta, aldi berean, horretaz harro egon. Kanta bat edo ikuskizun bat egiten dudanean, ez dut moralki baloragarria izango den zerbait egiteko asmoz egiten.

Oraindik, ez da argi geratu Kataluniako independentziarekiko duzun jarrera.

Bost axola zait; berdin dit. Nazkatuta nago halako gauzez, eta, are gehiago, halako gauzez gazteleraz hitz egin behar izateaz [irriak].

Dena «kaka zaharra» dela diozu.

Ez dakit, halako hainbat gauza esaten dizkidate hainbeste egoeratan, honezkero ez dakidala zer esan dudan, eta zer ez.

Tira, zure azken ikuskizunak halako izenburua zuela: Zure bizitza kaka zaharra da, eta badakizu.

A, bai, bai; egia. Bada, bai, izan daiteke dena kaka zaharra izatea. Ez duzu uste?

Tira, baliteke. Baina konponduko balitz, akaso letretarako inspirazioa ere galduko zenuke.

Ez pentsa. Ehunka kanta egiten ditut, eta ehunka gauza esan. Batzuk lehen lerrora pasatzen dira, baina ez da ozenago esan ditudalako edo garrantzi handiagoa eman diedalako. Baina, tira, jendeak «kaka-ipurdia-pixa» nahiago badu, hor konpon.

Nondik ateratzen dituzu kantuetarako ideiak?

Bururatzen zaizkit, besterik gabe, inongo seriotasunik gabe. Ideiak bururatzen zaizkit, hasten naiz horietan pentsatzen, bueltak ematen, ideia nondik atera zen ahaztu arte.

Gaur egun diskoak saltzea zaila dela kontuan hartuta, geroz eta garrantzitsuagoak dira kontzertuak?

Niretzat, beti izan dira garrantzitsu. Kontzertuak nire bizitza dira. Sortzen dudana, jende aurrean kantatzeko sortzen dut.

Donostian izango duzu horretarako hurrengo aukera.

Bai, etxera itzultzea bezala da.

Eroso sentitzen zara Euskal Herrian? Sofarekin eta sofarik gabe?

Bai, gainera, Euskal Herrian bereziki adeitsuak zarete, sofa politak jartzen dituzue [irriak].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.