BITAKORA

Ontzi fantasmaren bitakora kaiera

Maider Intxauspe, Kantauri itsasoko uretan, Florence Balcombe gogoan. TXINTXUA FILMS.
Koldo Almandoz.
2016ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Kruzeroko kamarotera itzultzen garen bakoitzean, gela txukun-txukun eta aldiro toallekin egindako eskultura ezberdin bat topatzen dugu ohe gainean. Bihotz bat marrazten duten bi toalla-beltxargak filmatu ditut. Kamarotean, behintzat, ez dut arazorik filmatzeko. Kruzeroko beste guneetan grabatzea debekatua dago. Kamara tripodean jarri, enkoadre egokia bilatu, eta bere lana egin dezan uzten dut. Arauak hausten ibiltzeak sortzen duen tentsioaz filmatzen dut, eta gustatzen zait.

Arratsarekin batera jendea barkuaren kubiertatik desagertzen da. Milaka pertsona garraiatzen dituen barkua, bat-batean, ontzi fantasma bihurtzen da. Bakardade horretan, Maiderrek mamu bat dirudi. Grabatzen hasi naiz. Mamu bat baino gehiago, banpiro bat da. Gauez hobeto ikusteko, eguzkitako betaurrekoak janzteko eskatu diot.

2013ko martxoaren azken astea Mediterraneo itsasoan.

Bram Stokerren Dracula berrirakurtzen hasi naiz. Nerabezaroan, edizio arin eta kaskar bat irakurria nuen. Ez du zerikusirik oroitzen nuenarekin. Florence Balcombe (Bram Stokerren emaztea) deskubrimendua izan da. Kruzeroan, barkuaren kubiertan filmatutako emakumea bera zela jabetu naiz.

2013ko ekaina. Donostia

Ikerketa eta intuizioa. Florence, Murnau eta Nosferatu. Geroz eta jakin-min handiagoa dut. Dracula nobelako Jonathan Harkerrek dioen moduan «nora ezean nabil. Zalantzak, beldurra eta gauza estrainioak datozkit burura, eta ez naiz gai nire arimaren aurrean aitortzeko».

2014ko azaroa. Donostia

Florence Balcombe Frantziara oporretan zeraman Victoria baporearen naufragioairudikatzeko, Kantauri itsasoko ur hotzetan filmatu dut Maiderrekin. Sakon urperatzeko, kamera ohol batean finkatu, eta abneak eginez ibili naiz. Harkaitzetatik gertu. Gertuegi. Ostia ederra hartu dut olatu batek harkaitzen kontra botata. Dardarka eta irribarretsu atera gara uretatik. Batez ere, atera garelako.

2014ko iraila. Kantauri itsasoko labar batean.

Untzi fantasma-ren filmatze amaigabe honetan Werner Herzogen 10 mandamentuak datozkit burura behin eta berriro.

1.- Ez duzu zinema ikasiko. 2.- Zuhurra eta intuitiboa izango zara. 3.- Ez duzu cinéma vérité-a jasango. 4.- Filmatzean muga etikoak ez dituzu gaindituko.5.- Zure erokeriak santifikatuko dituzu.6.- Ez duzu burdinazko gidoirik idatziko.7.- Soinua, muntaketa eta musika ohoratuko dituzu. 8- Zure begiradari eutsiko diozu, beldurrik gabe. 9- Ez duzu filmatze eremuan negarrik egingo. 10.- Ustekabearen aurrean prest izango zara.

2015ko martxoa. Pasaia.

Sîpo phantasma ez zen film izateko jaio, eta film bilakatu da. Film fantasma. Hiru urte dira, Alexandre Astrucek aipatzen zuen camera-stylo-ari (kamara-boligrafoa) jarraikiz pelikula hau idazten hasi ginela. Orain amaitua dago. Barkuak itsasoan uzten duen arrastoak jaitsiko du teloia. Portura iritsi gara.

2015ko maiatza. Donostia.

Murnauren burua desagertu da bere hilerritik. Nahiz eta pelikula amaitua zegoen, gertakizun hau nolabait filmean sartu behar nuela sentitu dut. Txintxua Films-eko Marianek hartu du ontzi fantasma honen lema beste behin. «Orain arte nahi duguna eta nahi genuen moduan egin badugu, zergatik hasi behar dugu orain kontrakoa egiten?». Hilerriak dira pelikulak, baina pelikula honek ez du hil nahi!

2015ko azaroak 3. Stahnsdorf hilerria. Berlin eta Postdam artean.

Jabetu naiz ontzi fantasma hau inongo portura ez iristea dela nire desioa; bizitzak aurrera egiten duen heinean, filma berregiten eta aldatzen joatea. Proiekzio bakoitzean itzaletatik erreskatatzen ditugun banpiroak dira pelikulak. Bioy Casaresen La invención de Morel-en asmakizun hartan bezalaxe, zahartu gabe, betirako berdin iraungo duten mamuak.

2015ko abendua. Pasaia

Estreinaldi mundiala. Film aurkezpena. Cinerama aretoa. Bere kabuz esplikatzen ez den filmik ez dut gogoko. Sîpo Phantasma honen eskifaia aipatzeaz gain, ez dut besterik esango: Marian, Laurent, Maider, Itxaso, Karlos, Javi, Haimar, Ignacio, Joserra, Angel...

2016ko otsailak 2. Rotterdam. Film Festibala.

Esan ohi da publikoarentzat egiten direla pelikulak. Nik ez dut uste hala denik. Publikoak ikus ditzan egiten ditut nik filmak, bai, baina filmatu, neure burua ulertzen saiatzeko filmatzen dut. Eta oraindik ez dut lortu...

2016ko martxoa. Donostia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.