Saiakera egilea, nobelagilea, ekintzaile politikoa, SESBetik atzerriratua, militar ohia, New Yorkeko maiordomo ohia, kaleko lur hotzean aterpe hartutakoa, Vladimir Putinen erregimenaren aurkako erresistentziaren ikurra, literatura errusiarra berritu duten autoreetako bat. Ez dira asko izango beren eskutik sortutako pertsonaia konplexuena bezain poliedrikoak izatea lortzen duten idazleak, ez Eduard Limonoven kasuan bezainbat (Dzerzhinsk, 1943). Izena errebeldiatik eta probokaziotik egin duen figura izan da idazle errusiarra askorentzat. Baina nondik begiratzen den, irudi aldakorra duen norbait izan da ezinbestez. Bere autopertzepzioan, profeta bat: «Europan jolas parke bateko atrakziotzat naukate. Ni ikustera etortzen dira arraroa banintz bezala, eta ez dira harritzen esateko dudanarekin. Dibertsio bat naiz; ez naute serio hartzen. Baina profeta bat naiz». Atzo hil zen, Moskun, 77 urte zituela. Gaur emango dute xehetasun gehiagoren berri.
Pentsatzen zuena esateko «betebeharra» zuela esan ohi zuen. Horregatik, batzuek ahoberotzateta beste batzuek ausartzat hartu zuten. Errusiar idazle iskanbilatsuena izan dela idatzi da han-hemen, baina baita literatur errusiar garaikideko nobelagilerik garrantzitsuenetako bat ere.
1970eko hamarkadan argitaratu zituen lehen testuak, Ni naiz, Édichka estreinako eleberria, tartean. Ordurako Sobietar Batasunetik alde eginda zegoen; lehenengo New Yorkera jo zuen, eta handik Frantziara. Tokia egin zuen Parisko literatur zirkuluetan, eta ezagun egin zen bere iritzi politikoak zirela eta: nazionalista errusiar eta boltxebiketzat aurkezten zen. Poesia eta prosa idazten jarraitu zuen han 80ko urteetan, harik eta Balkanetako gerrara joan zen arte. «Parisek ahaztu egin ninduen orduan», esan zuen urtetara. 1991n, Sobietar Batasuna desegin ostean, jaioterrira itzuli zen, eta gatazka politikoan engaiatuta segitu zuen. Limonka egunkaria eta Alderdi Nazional Boltxebikea sortu zituen 1993an—bera izan zen presidentea—, eta, hura legez kanpo utzi ostean, Beste Errusia sortu zuen 2010ean.Aurretik, 2001ean, espetxean sartu zuten armen trafikoa eta terrorismoa egotzita, eta asko idatzi zuen han. «Idazketa oso azkarra zen. Kartzelek ez dute perspektibarik, eta nik hori behar nuen».
Behin esan zuen ez zuela baztertzen Europak deportazio masiboak egitea. «Jendeak nahiago du gauza desatseginetan ez pentsatu; nahiago du pentsatu garapenak segituko duela, gatazkarik gabe. Baina munduan 7.000 milioi pertsona gara, eta gehiegi da». Publikoki onartua zuen, halaber, feminismoarekiko zuen gatazka. Baina, azken urteetan etsairik izan badu, Putin izan da hori .
Carrereren Limonov
Batik bat saiakeran eta nobelan ardaztu zuen bere literatur lana. Mundu zabaleko irakurleentzat, ordea, Emmanuel Carrere idazle frantziarrak idatzitako Limonov (2011) liburuarekin egin zen ezagun autorea. Limonoven bizitzan oinarrituta ondu zuen eleberria Carrerek, biografia, kazetaritza eta autofikzioa gurutzatuz. Orrietara eraman izana eskertu zion arren, liburuko protagonista ez zela bera esaten zuen Limonovek. «Carrereren lanean abizena ezagutzen dut; nirea da. Baina ez naiz ni. Berarentzat soilik pertsonaia izan nintzen, baina ni ere idazlea naiz, hura baino hobea gainera».
Heriotza agertu zuen maiz bere obran, hain sarri gertutik ikusi zuen hori. Ez ei zion beldurrik:«Fatalista naizen aldetik, ez nau ikaratzen».
Eduard Limonov
Nobelagile nobelatua
Putinen erregimenaren aurkako ikur handia izan da idazle eta ekintzaile errusiarra. Emmanuel Carrerek haren bizitza oinarri hartuta idatzi zuen eleberriak egin zuen ezagun. 77 urterekin hil da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu