«Musika kultura falta dugu, musika entzuteko denbora behar dugu»

Inprobisazioa sorkuntza teknikatzat eta melodia helburutzat izanik sortu du Jean Louis Hargousek 'Célébrations' lan berriaBaionako saxo jotzaileak bakarkako bigarren lana argitaratu du Errabal zigiluarekin

gorka erostarbe leunda
2011ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Musika izan liteke ospakizuna. Sarri askotan hala izaten da. Baina ez beti. Ez, behintzat, Jean Louis Hargous saxofoi jotzailearentzat (Baiona, 1951). Harentzat musikarekin azal liteke ospakizuna, zoriontasuna, baina baita besterik ere: «Hori da musikak duena, edozein barne sentimendu ager dezakeela. Tristezia, zoriontasuna, haserrea, indarra... Eta bizitzaren gertaera guztiak azaltzeko balio duela». Nolanahi den, ospakizun nahiren batek hartua zion aspaldian barrena, eta hitz hori erabili du Errabal zigilupean plazaratu berri duen diskoari izena emateko: Célébrations. Zehatz izatera, lan berriko bigarren piezaren izenburua erabili du sentimendu oso bat orokortzeko: «Kontu pertsonal batzuk ospatu nahi nituen. Musika definitzea oso zaila da, baina balio lezake gauzak ospatzeko ere, eta pieza horretan hori egin dut».

Kontu pertsonalek lekua dute jazz ospakizun horretan, dudarik gabe. Lan pertsonala da, hasi eta buka. Bakarka egindako lana da ia erabat, piezak grabatzeko recording teknika baliatu baitu sortzaileak. Hau da, Hargousek berak grabatuak dira saxo altu eta baxua eta klarinete baxua pista desberdinetan, eta zenbaitetan sintetizadore eta perkusioak ere berak gaineratu ditu, programazioen bidez. Salbuespen bakarra dago disko osoan. Euri ostean izeneko piezan Michele Barontinik jo baitu bateria. Musika saxo laukotearen eran sortu eta osatua dago, baina Hargous bera da musika tresna guztiak maneiatu dituena 13 konposiziotan.

Gisa horretako lanek zailtasunetik adina dute arriskutik. Arriskutsua gerta bailiteke, pista pistaren gain, soinu geruza amaigabe bat osatzea birtuositatearen geriza lagun hartuta. Baina birtuositateari ez dio erreparatu nahi izaten Hargousek, inprobisazioaren eskuetan uzten du sorkuntza prozesua. «Birtuositatea, azaltzen bada, bere kabuz azaltzen da, modu naturalean, baina ez dut hori bilatzen. Ez dut birtuositaterik erakutsi nahi. Birtuositatea egon badago, baina ni ez nau kezkatzen. Musikak kezkatzen nau ni. Niretzat birtuositatea ez da bilatu beharreko zerbait».

Jazz lengoaia du oinarrian Célébrations-ek. Hori du esparru naturala Hargousek, musika elektroakustikoarekin batera. Baina bestelako musikak ere entzuten ditu: klasikoa, garaikidea, Europako musikak, «rock pixka bat»... «Disko honetan egin dudana jazza da, bai, baina jazza zentzu zabal batean. Ez da jazz tradizionala. Sorkuntza pertsonal bat da, jazz sustraiak ez ezik, klasikoarenak eta beste zenbait ere badituena. Nahasketa bat da».

Beste zenbait musikarirekin batera lan egin izan du urte luzez Hargousek 90eko hamarkadatik aurrera. Blu Blow Bat bakarkako lehen lana Jazzle zigiluarekin argitaratu zuen 2000. urtean. Harekin alderaturik, badakar berritasunik Célébrations-ek: «Aurrekoan musikari gehiagorekin lan egin nuen, eta oraingoa baino free-agoa zen. Lan berria klasikoagoa da. Piezak nahiko melodikoak dira, jendeak entzuteko errazagoa dela uste dut. Lan melodiko bat da oro har, kontrapuntuaren gainean eraikia. Hau da, musika tresnen arteko elkarrizketa bat dago konposizioaren oinarrian, batez ere klarinetearen eta saxoen artean».

Inprobisaziotik abiatutako sorkuntzak dira Hargousenak, teknika «pertsonal baten bulkadari jarraituz» sorturiko piezak: «Inprobisazio bat grabatzen dut, eta haren gainean beste inprobisazio bat egiten dut, eta hala ideia bat garatzen dut, gustura geratzen naizen arte. Egin eta berregin, baina inprobisazioetan oinarriturik». Oso pieza laburrak —Pozik (2'31''), Noraezean (2'04''), Conte d'oiseau (3'02''), Ipso facto (2'47'')...— eta luzeagoak —Célébrations (8'29''), La notte (6'02''), Suite pour madeleine (7'54'')...— ditu lanak. Guztiak dira pieza instrumentalak, nahiz eta kantuen izenburuetako hitzek adierazkortasun indar handia duten.

Musika, errazkeriaren gatibu

Bere burua saltzaile txartzat dauka Hargousek: «Ez naiz batere ona komunikazio kontuetan». Jende gehiagok ezagutu dezan nahi luke, baina lan hori egiten ez dakiela dio. Hala ere, ezaguna edo aitortua izatea baino gehiago gustatuko litzaioke jendeak beremusika gehiago entzuteko aukera izatea. «Errazkeriak gidatzen gaitu, eta irratietan, adibidez, gauza salagarriak eta errazagoak entzuten dira».

Hargousen hitzetan, musika kulturaren falta «nabarmena» da. «Garrantzitsuena da musika entzuteko denbora izatea. Niretzat, batetik dago besterik gabe belarrietara iristen den musika, dantzatzeko, edo girotzeko, edo musika erraz entzuteko balio duena, eta gero badago beste musika bat entzun egin behar dena, saioa egin behar dena. Nik entzun egin behar den musika hori egiten dut. Jarri egin behar zara entzuten, eta musika horretan barneratu behar zara. Horretarako denbora behar da».

Zuzenean diskoaren «aurkezpen moduko» bat egin du Hargousek, Jimmy Arrabit bateria jotzailea lagun hartuta: «Zati batzuk grabatuta eman nituen eta pieza batzuk jo genituen, baina ez asko». Aurrerantzean ere, zuzeneko kontzertuak eman nahi lituzke, baina bere esku ez dagoela dio, etsipen puntuarekin: «Geroz eta zailagoa da musika hau zuzenean jotzea, taldekideak aurkitzea. Publiko txikia dugu, eta areto gutxik egiten dute musika honen aldeko apustua. Horregatik, nahiz eta batzutan musikariekin lan egiten dudan, nire kabuz lan egiten hasi nintzen, niri gustatzen zaidan musika hori sortu ahal izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.