Moneo izendatu dute Oteiza Fundazioaren patronatuko presidente

Calvo Serrallerrek azaroan dimisioa eman ondotik eskaini zioten kargua arkitektoari, eta atzo onartu zuen

Erredakzioa
Iruñea
2014ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Rafael Moneo (Tutera, Nafarroa, 1937) da Oteiza Fundazioaren patronatuaren presidente berria. Arkitektoak Francisco Calvo Serraller ordezkatu du karguan. Joan den azaroan eman zuen dimisioa, eta fundazioaren patronatuak orduan bertan proposatu zuen Moneo presidente kargurako. Donostiako Kursaal jauregiaren diseinatzaileak atzo onartu zuen eskaintza, Altzuzan (Nafarroa) egindako bileran.

Erakunde pribatua da Oteiza Fundazioa, patronatu batek gidatutakoa eta Nafarroako Gobernuak finantzatzen duena. 2003an sortua da, eta Juan Huarte enpresari eta mezenas artistikoa, Pedro Manterola arte aditua eta Calvo Serraller historialari, saiogile eta arte kritikaria izan ditu presidente. Azken horren aldian izan da, bai, polemikarik. Esaterako, iazko uda baino lehen babesa eskaini zion Valentziako IVAM museoaren erakusketa bati. Baina Jorge Oteizaren marrazki batzuekin osatutako mostra hartak lanak Oteizak berak egindakoak ote ziren zalantzan jarri zuten zenbait adituk.

Hain zuzen ere, fundazioaren patronatuko presidente berria bera izan zen lehenetakoa, Francisco Javier Saenz de Oiza —Oteiza museoaren arkitektoa— eta Juan Daniel Fullaondorekin batera, Oteizak arkitekturari egindako ekarpenak aintzatesten, 1968an. Madrilgo Goi Mailako Arkitektura Eskolan egin zituen ikasketak Moneok (1961), eta geroztik proiektu ugari gauzatu ditu. Besteak beste, Stockholmeko Arte Museoaren eraikina (Suedia), Basileako Antzokia (Suitza), Pradoko Museoaren handitzea (Madril), Londresko Tate Galleryren handitzea (Ingalaterra), Houstongo Arte Museoa (AEB), eta Bartzelonako Olinpiar Estadioaren birmoldaketa. Hainbat sari jasotakoa da, gainera, —Pritzkerra, adibidez, 1996an—, eta eskolak eman izan ditu, esaterako, New Yorkeko Arkitektura eta Hiri Ikasketen Institutuan, eta Princeton eta Harvard-eko unibertsitateetan (AEB); azken horretan, gainera, Arkitektura Departamentuaren dekanoa izan zen 1985 eta 1990 artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.