Urte askotako etenaren ostean, Kashbad taldeak disko berria kaleratu zuen 2013an (Arrakala), eta hurrengo urte ia osoa agertokietan igaro zuen, oholtzaz oholtza. Fisikoki «nekatu arte», Sorkun Rubio abeslariak (Errenteria, 1977) azaldu duenez. Garai hartan, ez zuen bakarkako ibilbideari berriro ere heldu eta disko bat grabatzeko asmorik, baina poliki-poliki, bere hurrengo lana izan zitekeena mamituz joan zen bere buruan. «Hasi nintzen ideiak pentsatzen, gauzak apuntatzen, eta erabaki nuen disko bat egin egingo nuela. Eta, gainera, disko ezberdin bat izango zela». Horren emaitza da Ziklomorphosia (Srgntx / Promomusika), rockari bizkar eman eta ur beltzetanbete-betean sartzen den lana.
2014a urte gogorra bezain intentsua izan zen Sorkunentzat. Kashbadekin bira luzea egin zuen, eta behar zuen aldaketa bat. «Rock-and-rollaren pisua kendu eta arindu nahi nuen». Batez ere, bederatzi hilabetez rock kontzertuak egiten aritzeak nekatu egiten duelako: «38 urte ditut! Eta, gainera, rock-and-rolla abesten ahotsak asko sufritzen du».
Kashbadetik kanpoko ibilbidean bide eta estilo ezberdinak jorratu izan ditu Sorkunek. Onna (2002) diskoarekin estreinatu zen bakarka, rock gogorra pop doinuekin uztartuz; rocka elektronika, drum and bass eta reggae eremuetara eraman zuen Duna-n (2005), eta rock ilunera itzuli zen Vice Presidentes taldearekin grabatutako Sorkun & Vice Presidentes diskoan (2008).
Oraingoan, ordea, urrats handi bat egin eta musika beltzerako jauzia egin du. Ausartu da funk eremuetara inolako mugarik gabe gerturatzera (Ziklomorphosia), musika beltz modernoa hip hop ukituekin nahastera (Gizon laztana), soul klasikoaren urrezko garaira bidaiatzera (Astronautak), reggae moldeak bere egitera (Hibaika), eta baita pop egitura goxo bezain sentikorrak lantzera ere (Urazpian).
Kantuak egiteko orduan laguntzaile asko izan ditu Sorkunek. Aritz Luzuriaga, Mikel Romero, Fredi Pelaez eta Juanma Urriza taldekideek egin dituzte musiketako batzuk, baina izan ditu bestelako kolaboratzaileak ere doinuak sortzerakoan: Javi Pez, Koldo Soret, Telmo Trenor, Tanausu Santa... Javi Pezek Astronautak idatzi dio, diskoan northern soul kutsu nabarmenena duen kantua — «asko miresten dut»—, eta Soretek, berriz, Ziklomorphosia-ko kanturik itsaskorrena: Urazpian. Azkena. «Film labur batentzat egin genuen kantua orain dela hiru bat urte, eta orain berreskuratu egin dut diskorako. Oso polita delako».
Diskoak «probak egiteko» aukera eman dio Sorkuni, zapaldu gabeko eremuetan ibiltzekoa, eta baita melodia «goxoagoak» lantzekoa ere, eta hor taldekideak izan ditu lagun apirilean kantuekin lanean hasi zirenetik. Esku artean zituzten kantuak galbahetik pasatu, eta azkenean 11 grabatu dituzte; horien artean Howling Wolfek 1960ko hamarkadan idatzi eta gerora, besteak beste, Cream, Ten Years After eta The Whok jo izan duten klasiko bat: Spoonful. Hitza errespetatu baina jatorrizko blues kutsutik aldendu eta soul ukitu nabarmena duen melodia gehitu dio, Violadores del Verso taldeko Rumbak eta Xhelazzek ondutakoa.
Eider Rodriguezen laguntza
Sorkunek aurretik grabatutako diskoekiko ezberdintasunak ez dira musikari lotutakoak bakarrik. Aurrenekoz, diskoko hitzak egiteko kanpora, lagunengana, jo du: «Erabaki nuen nik ez idaztea. Nire euskararekin krisi handi bat izan nuen, eta ez nuen lortzen ondo azaltzea nahi nuena». Eider Rodriguezengana jo zuen, «galduta» zegoelako. «Abesti gehienak harenak dira. Oso ondo ezagutzen nau, eta testuetan ikusten da hori. Eiderrek presentzia handia du diskoan, nire zorionerako». Pauso hori eman beharra zuen Sorkunek, une jakin batean eta modu batzuetan landu dituelako kantuak: «Disko ezberdina da, eta nahi nuen testuek maila bat izatea. Testuek abesti edo poema kalitatea izatea. Nik idatzi izan ditut hitzak beste disko batzuetan, baina zer esango dizut.... lehenengo mailakoak dira. Euskara menderatuko zuen idazle bat behar nuen. Gainera, nirekin dago Eider, ezagutzen eta ulertzen nau. Esaldi bat esaten diot, eta berehala harrapatzen du».
Iñigo Legorburu bertsolariarekin egindako Hibaika kantua Errenteriako arraun taldeaz mintzo da —«Hiru hilabetez aritu nintzen arraunean, eta klubaz maitemindu nintzen»—, eta Gizon laztan, berriz, Harkaitz Canok idatzi dio. «Nik ez nuen Harkaitz bera ezagutzen, baina Eiderren bitartez sortu zen aukera, eta nola ez! Diskoko nire kanturik gustukoenetakoa da».
Testuak, oro har, «tristeak, oso tristeak» direla dio Sorkunek. «Onartu beharra daukat. Horregatik egin dut dantzatu egin daitekeen disko bat. Testuak oso tristeak dira, baina musikak, beltzagoa eta funkagoa, laguntzen du testuak eramaten».
Urazpian lehenengo singleak aste batzuk daramatza kalean,eta Ziklomorphosia diskoa Sorkun.eus webgunean egongo da eskuragai datorren astelehenetik aurrera. Durangoko Azokan jarriko dute salgai diskoa, eta ondoren iritsiko da dendetara.
Zuzenekoak, berriz, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan emango dituen beste horrenbeste kontzerturekin hasiko ditu Sorkunek.
Metamorfosi beltza
Rock elementuak baztertuta, funk, soul, reggae eta pop doinuak bildu ditu Sorkunek 'Ziklomorphosia' bere bakarkako laugarren diskoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu