Irailaren 19an hasi zen Xilaba bertsolari txapelketa, eta Aitor Servier Etxexuri nagusitu zen lehen kanporaketan, Hiriburun (Lapurdi). Joan den larunbatean, berriz, Maddi Sarasua Laskaraik lortu du puntu gehien Muskildiko saioan (Zuberoa). Patxi Hiriart Hiribarrenek eta Maindi Murua Berrak egin dute bigarren eta hirugarren. Ondotik iritsi dira Gillen Hiribarren, Pettan Prebende eta Oier Urreizti.
Hirugarren kanporaketa heldu den larunbatean eginen dute, Ainhoako herriko gelan (Lapurdi), eta bertan lehiatuko dira Oneka Arteaga Olasagasti, Maddi Ane Txoperena Hiribarren, Iker Altuna, Battitt Crouspeyre, Xumai Murua Berra eta Bixente Hirigarai bertsolariak.
Fase horretako azken kanporaketa urriaren 10ean eginen dute, Larzabalen (Baxenabarre). Ondotik, final-herenak urriko hiru asteburuetan jokatuko dituzte, eta saio horietarako jada sailkatuak dira Sarasua Laskarai, Servier Etxexuri, Miren Artetxe, Maddalen Arzallus eta Odei Barroso.