Lehen diskotik hogei urtera, 'Gezurra ez da egia' kaleratu dute Imuntzo eta Belokik

Trikitixa tradizionalari loturiko dantzak eta kantak moldaketa eta doinu garaikideekin uztartu dituzte

Jon Fernandez.
Donostia
2011ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Gezurra ez da egia (Elkar) diskoaren azalean horma baten aurrean graffiti bat marrazten ageri dira Imuntzo eta Beloki. «Taldearen gaztetasuna irudikatu nahi izan dugu azalean», dio Anjel Valdes Elkar diskoetxeko arduradunak. Hogei urte dira Jo ezak lehen diskoa kaleratu zutenetik, eta harrezkero ez dira geratu. «Herri txikietako usaina oso ondo uztartu dute izaera garaikidearekin». Horixe, Valdesen ustez, Imuntzo eta Belokiren arrakastaren gakoa.

«Folk kolorea eman nahi izan diogu disko berriari», azaldu du Juan Ramon Azpitarte Imuntzo trikitilariak. Eta horretarako biolina, zeharkako flauta edota kontrabaxua erabili dituzte trikitixa eta panderoaren ondoan. Besteak beste, Sebastian Othaburu, Arkaitz Miner, Urbil Artola edota Jon Lonbera musikariek hartu dute parte grabaketan.

Hamabost kantuetako batzueihitzak jartzerakoan bertsolarien partaidetza berezia izan dute. Jon Maiarenak dira Gezurra ez da egia abestiaren letrak, eta Sustrai Colinarenak Joan-etorrian kantarenak. Hitzen iturri ez eze inspirazio iturri ere izan dituzte bertsolariak ordea. «Politikan ez dago gauza politikan», esan zuen behin Lazkao Txikik, eta haren esalditik abiatuta sortu dute Lazkao Txikik zion abestia.

Basarri eta Uztapide, kantuan

«Alaitasuna aukeratu dugu musikarako, eta ironia eta baikortasuna letretarako», dio Eleuterio Jauregi Beloki-k. Sorpresa berezia hartu du liburu zahar batean aurkitu eta diskoan Kaxkarotak izenez sartu duten kantu herrikoiarekin, tonu berekoa baita. «Dantza honi ez genion letrarik ezagutzen, eta topatu duguna asko gustatu zaigu, punk ukitua duelako». «Iaz hil zitzaidan senarra, nik nahi nuen bezala», dio abestiak.

Bestalde, Aritxulegi-n, Basarri eta Uztapideri konpainia egitea lortu dute Imuntzo eta Belokik. Bi bertsolariek Aritxulegiko elkarte batean jendaurrean jarri eta kantatutako bertsoen jatorrizko grabaketa trikitixaz, arrabitaz eta gitarraz lagundu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.