La recherche de l'absolu

Lekeition jaioa (Bizkaia), 1962an. Azalaren kodea (2000) eta Bitsa eskuetan (2010) poema liburuen eta Kristalezko begi bat (2013) nobelaren egilea izateaz gain, hiru bider irabazi du haur eta gazte literaturako Euskadi saria, Itsaslabarreko etxea, Urtebete itsasargian eta Errepidea narrazioekin, 2002, 2007 eta 2011n.

MARTINTXO ALTZUETA.
Miren Agur Meabe.
2015eko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Lauretan batu dut Michelle. Autobusa pixka bat lehenago iritsi denez, bazter batean itxaron dit, maleta gorria espaloian. Ilea lisatuta dakar, eta larruzko jaka beltza. Argal eta zurbil dago.

—Ondo zaude? —galdetu diot.

Bizkor besarkatu dut, eguna hara eta hona baitaramat. Ikastetxe batetik atera berri naiz, ikasleekin indarrak akitu eta gero, irakurri duten liburuak egileari kasu pixka bat egiteko bezainbesteko merezimendua bazuela frogatzeko ahaleginean. Gainera, ohituta nago denbora neure komenientziara antolatzen, eta laguna egun batzuetarako etorrita, badakit ezingo diedala nire zereginei betiko martxan heldu. Michelleren gorputza ere zurrun nabaritu dut.

—Lehengoan jausi egin nintzen kalean —azaldu dit—. Zauria daukat belaunean, eta hanka behartuta egin dut bidaia.

—Trankil. Autoa hartu, eta ordubetean helduko gara. Zer moduz zure alaba?

—Haserre, han utzi dudalako. Atzo maletan sartu zitzaidan, eta ez zuen irten nahi, baina ohitu egin behar du aldizka ni barik egoten.

Michellek bihotzez eskertzen du bere katuaz interesatzea, irribarre egiten du galdera entzun eta batera. Behin kontatu zidan jatekoren batek kalte egin, eta Binoche beherakoak jota ibili zela etxe osoan dindirria uzten. Bainuontzian sartu zuela, garbitzeko, baina katua hainbeste ikaratu zen, non erpea sartu zuen hustubidean. Zoratu egin zitzaion, hanka katigatu eta zulotik atera ezinik. Michelle ere larritu zen: ikusita zeuzkan, txikitan, zepoan harrapatutako katamotzen edo azkonarren gorputz-adar solteak, haragi bizian, bizia salbatzearren animaliak berak zarra eraginda. Azkenean suhiltzaileei deitu omen zien, goizeko hiruretan. Lasaigarri bat ipini, eta halaxe lortu zuten katua askatzea.

—Eta zure amorante hura... Zertan da?

—Pasa den astean geratu ginen. Neuk hots egin nion, negu osoan ikusi gabe.

—Eta?

—Menu bat bazkaldu, eta gero kafe bat hartzera gonbidatu ninduen etxera.

—Eta?

—Neska koxkor bat bezalakoa naiz. Sofan jesarrita geunden. Halako batean bota zidan: «Orain beldurra didazu ala?». Eta nik: «Zergatik?». Eta berak: «Ez duzulako poltsa kendu bular paretik». Ohean bukatu genuen, primeran, baina berak bazeukan hitzorduren bat, beti bezala, edo errekaduren bat... Nire katuari bai, Binocheri axola natzaio benetan.

Aparkalekuan, Michellek txakur bat laztandu du, ezezagun batena. Teoria funtsatua dauka animaliei dien maitasunaren gainean:

—Amak txirikordak egiten zizkien nire ahizpei; niri, ordea, ezin motzago uzten zidan ilea, amorrua zien nire kizkurrei. Etxean zerbait apurtzen zenean, lehenbiziko belarrondokoa niretzat izaten zen bai ala bai, errua besteena izanda ere.

Erresuminik gabe ari da hizketan.

—Atzo amaren urtebetetzea izan zen —jarraitu du—. Hiru aldiz deitu nion, baina ez zidan hartu, nahita.

—Familia guztietan egoten da baten bat besteen kontenplazioa bilatzen duena soberbian babestuta... Tira, halakoei esker kontzientzia garbiagoarekin egiten dugu lo besteok...Ezpainetako hori berria da? Utziko didazu.

Michellek begiak itxi ditu. Hemengo eguraldi hezeak, lainoak, baretzen laguntzen diote.

—Nahi duzunean... Animaliek salbatu ninduten. Atzealdeko landa zeharkatu, eta pikondo baten adarrera igotzen nintzen. Itsasoa guretik urrun egon arren, kostako haize-orratzak begitantzen zitzaizkidan urrunean. Orduak pasatzen nituen zerumugan zer ote zegoen, txakur eta katuz inguratuta, haiekin berbetan. Ipuinetako irudia ematen du, baina bakar-bakarrik sentitzen nintzen.

—Ni ez naiz animaliazalea. Ortuan katuak sartzen dira, harroago... Paretik ere ez dira kentzen pasatzen uzteko. Ez pentsa, ikaratu egiten naiz salto egingo didatelakoan.

—Amak gorroto ninduen dudak zituelako noren alaba nintzen, aitarena edo osabarena. Nik uste aita zela nire aita, antza daukagu. Baina baliteke ama sasoi batean biekin ibili izana, eta zalantzak karrakatu egin zion bihotza, neure kalterako. Zalantzak eta damuak, azken orduan aitarekin ezkondu izanagatik, eta ez osabarekin, betiko mutil lagunarekin.

—Bi anaiaren arteko lehiaren erdian egon zen ama?

—Ez ziren anaiak. Osaba nire osaba bihurtu zen nire amaren ahizpa bikiarekin ezkondu zelako handik laster... Gero gurasoak banatu egin ziren, hamabi urte nituenean edo. Ez batak ez besteak ez naute maite izan sekula, urteak behar izan ditut onartzeko. Aita orain dela urte pare bat hil zen, badakizu, erresidentzia batean. Ikustera joan nintzen, barkatu nion. Ama ikusi ez dudala… urteak. Biok dakigu ezin dugula bata bestearengandik hurbil egon.

—Zure ahizpekin moldatzen da

—Bai, normal… Behinola gaixorik egon nintzen umetan, eta medikuak etorri behar izan zuen gurera. Arnasa hartzean zarata arraroa sumatzen zidala esan zuen, ron-ron moduko bat, eta ospitalera bialdu beharko nindutela. Orduan, amak manta altxatu, di-da, eta katu bat azaldu zen nire oin artean kukututa, poltsa beroarena egiten. Amak jo zion ostikadarekin, ez zen itzuli. Ulertzen didazu?

Michellek liburu bat utzi du logelako mahaitxoaren gainean, La recherche de l'absolu.

—Mais l'absolu n'existe pas! —zirikatu dut—. Harri filosofalaren bila oraindik? Ez dago ezer harriak diamante bihurtzen dituenik.

—Badakit, baina… Nik ez dut galtzen itxaropenik.

Gero, Binocheri ura aldatu eta gorozkiak kentzeagatik hamar euro egunean ordainduko dizkion auzokoari deitu dio, ea zer moduz. Emakumeak telefonoa ipini dio belarrian katuari, jabearen ahotsa entzun dezan. Hala ere, ez omen du berriz hori egingo, goitik behera miazkatu eta osorik hozkatu baitio aparatua. Katuaren marrauak nik neuk entzun ditut.

Egonaldi hau opari bat gertatzen ari zaiola dio Michellek. Lo piloa egin du, arrain ederra jan, hondartzan egurastu gara, belauneko zarakarra ez bustitzeko kontuz. Aje bakarra, ezeroso dabilela, tripetatik siku.

Egunero erakusten dizkit zirkuetatik salbatutako piztiak zaintzen dituen erakunde baten bideoak, eskuko telefonoan. Zeharo hunkitzen da jaiotzatik kaioletan egon eta lehen aldiz lurra ukitzen duten tigre kumeen erreakzioa ikustean.

Gure kuadrillan ez dagoenez gizonik libre, bere adineko alargun bat eta herriko tabernari bat seinalatu dizkiot, diskrezioz. Berak eskerrak ematen dizkit denagatik, «bihotzeko ahizpa» esaten dit.

Ustekabean, auzokoak deitu dio oraintxe bertan, jakinarazteko azken egunotan Binoche ez dela ohe gainetik mugitu, ile-mataza potoloak galdu dituela, eta ez duela kakarik egin.

—Ezin du nire falta eraman —arrazoitu du Michellek, betilun.

—Ederra daukazu bueltan! Szymborskaren poeman legez...

Pisu huts batean geratu zen katua, ezin jabeari deitu, dena berdin eta aldi beran ezberdin sumatu, bakardadea ezin adituta… Kontsolamendua zuen pentsatzea ongi-etorri hotza egingo ziola jabeari itzultzean.

—Non zegoen jabea, ba, oporretan, neu bezala?

—Ez, hilda.

—Segituan itzuli behar dut orduan. Ezingo nuke jasan beste inoren mendekurik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.