Donostiako 69. Zinemaldia. Sail Ofiziala

'La Fortuna' telesaila osorik eman dute Sail Ofizialean, lehiaz kanpo

Alejandro Amenabarrek sei ataletan banatu du antzinako fragata baten aurkikuntzak sortutako auzibidearen istorioa. Bere lehen telesaila du

Alejandro Amenabar zinemagilea, atzo, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Ainhoa Sarasola.
2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Donostiako 69. Zinemaldia amaitzeko bezperako egunean, telesail bat eman zuten atzo Kursaaleko pantaila handian: La Fortuna. Alejandro Amenabar zinemagile espainiarraren lehen telesaila da, eta XIX. mendean Atlantiko itsasoko uretan hondoratu zen fragata espainiar baten aurkikuntzaren osteko auzibidea du ardatz istorioak. Sei atal ditu, eta telesaila osorik ikusi ahal izan zuen publikoak, bost ordu iraun zuen emanaldian. Sail Ofizialaren proiekzioen barruan eman zuten lana, lehiaz kanpo.

Odyssey auzia izendatu zutena El tesoro del cisne negro komikira eraman zuen Paco Rocak, eta lan hura hartu du oinarri Amenabarrek bere bertsioa sortzeko. 2007tik 2012ra bitartean auzibide bat izan zen Espainiako Gobernuaren eta altxor harrapari estatubatuar baten artean, ingelesek 1804an Atlantikoan hondoratutako Nuestra Señora de las Mercedes fragataren aurkikuntzaren harira —500 milioi dolarreko balioa aitortu zioten—. Zuzendariak atzo azaldu zuen istorioa entretenimenduzko moldean kontatu duela, Steven Spielberg, Robert Zemeckis eta James Cameron inspirazio iturri hartuta.

Bi aldeak, espainiarra eta estatubatuarra, bere argi eta ilunekin erretratatu nahi zituela ere azaldu zuen Amenabarrek: «Espainiarren kasuan, funtzionarioak dira heroiak, agertu nahi nuelako nola batzuetan instituzioetatik jende anonimoa gauza zuzenen alde borrokatzen den». Rol nagusien artean, Alvaro Melek diplomazialari espainiar batena jokatu du; Ana Polvorosak, ondare saileko funtzionario batena, eta Stanley Tuccik, altxor ehiztariarena; «pertsonaia anbiguoa» da azken hori, «ez gaizto arketipikoa».

Zinematik telebistara

Amenabarrek adierazi zuen telebistarako lanak egitera igaro diren zinemagileen joera ez dela berria: «Aurrez ere egin zuten Ingmar Bergmanek eta Mario Camusek». Gehitu zuen atal bakoitzak bere indarra eta bukaera izango zituela erabakita prozesua «edozein filmetako bera» izan dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.