Kritika. Antzerkia

Zure begietan

Agus Perez.
2011ko urriaren 29a
00:00
Entzun
'El viento en un violín'

Lekua: Gasteizko Hegoalde Gizarte Etxea. Eguna: Urriak 27.

Ikusten dudan guztia zure begietan dago»: ohe-atorra labur batekin jantzita zebilen antzezleak kuleroetatik paper txiki bat atera eta hitz misteriotsu horiek irakurri ditu emanaldiaren hasieran, doinu argentinar leun batez. Badirudi Buenos Aireseko Timbre 4 konpainia gero eta errotuago dagoela Euskal Herrian —La omisión de la familia Coleman mitiko harekin hasi ziren hona etortzen—, eta oraingo lana Baionako Translatinesen egon ostean Gasteizko jaialdira etorri da Iruñera joan aurretik.

Claudio Tolcachir eszena zuzendaria eta egilea espezialista da giza portaerak aztertzen eta haien disekzio umoretsua egiten, eta bere pertsonaiek harreman-sare konplexuak ehuntzen dituzte, edo bertan bizi dira, nahita ala gogoz kontra, Txekhoven pertsonaien antzera askotan, baina gaurko zantzu garaikideekin hornituta. El viento en un violín izeneko piezan loturarik gabeko eszena eta pertsonaia solteak agertuko zaizkigu hasiera batean, baina emanaldia aurrera joan ahala giza tapiz erraldoia osatuko da denen artean, eta artelan horretan gu guztioi dagozkigun hainbat gai azaleratuko dira: arima minduek ahulen gainean egin ohi duten manipulazio gogorra, gizakiok aurrera joateko erabiltzen ditugun itzulinguruak, eta, horren guztiaren atzetik, jende apalaren sendotasunak batzuen zein besteen flakeziei eusteko duen gaitasuna.

Bestetik, argi dago Tolcachirren lanetako ezinbesteko osagaia direla dekoratuaren apaltasuna eta antzezpen bikainak. Izan ere, argumentuko bospasei guneak irudikatzeko behar ziren altzari zaharrak batera egon dira taula gainean eta argien bidez bereizi dira eszenak eta giroak. Antzezleak ere bertan egon dira uneoro, gertatzen zenari egiazkotasun itzela emanez, eta haien bikaintasunaren esku geratu da pertsonaien jarrerak eta solasaldiak sinesgarriak izatea ala patetikotasun barregarrian jaustea. Beraz, Timbre 4ko kideak amildegiaren ertzetik eta segurtasun-sarerik gabe ibili dira, eta, hain zuzen ere, horrexegatik heldu dira gure baitako bazter sakonenetaraino, benetako trapezista handiekin gertatzen zaigun bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.