Artea. Kritika

Usain eta jarioak

Detritus, La Consciencia Renegada eskuetan duela. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
2013ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Artea

'Redefinir lo Real'

Artista: Detritus.

Lekua: Arteko galeria (Donostia).

Noiz arte: azaroaren 15era arte.

Errealitatea berriz definitzeko, beharrezkoa izaten da berau definitua izatea, eta errealitatearen definizioa oso konplikatua da, bakoitzaren ikuspuntuaren arabera definitzen baititugu haren mugak eta ezaugarriak. Normalean, gizakiak bizi duen gizartearen errealitatearen estereotipo bat gordetzen dugu guztion pentsamendu komunean, eta hau abiapuntu, bakoitzak bere errealitatearen bertsioarekin nahasten du. Erakusketa honetan, Florentino Aranburu Detritus-ek estereotipo honen birmoldatze bat baino bere errealitate pertsonalena aurkezten digu, betiere honen sistema eta boterearen erreferentziak alde batera utzi gabe.

Erakusketan ikus ditzakegun artelanen zati handi bat tinta eta errotulagailu bidez landutako formatu txikiko lanez osatzen da, eta horien artean pintura eta artista liburuak nahasten dira. Izugarria da 1964an Donostian jaiotako artista honek marrazkiaren bidez adierazteko duen ahalmena; ez soilik teknikaren alorrean, baizik eta horietan parte hartzen duten hainbat pertsonaia eta ingururekin askotariko konposizioak sortzeko duen erraztasuna. Erakusten diren lanen zati handi bat 80 eta 90eko hamarkadetan landutako kartelek osatzen dute; artistak gaztetxe eta hainbat ingurutan bizi izan zituen garaiak aurkezten dira, sistemaren aurkako irudi eta leloak landuaz. Ezin aipatu gabe utzi bere artista liburu zoragarriak, aldi berean estetika punka eta gotikoa nahasten dituen La Consciencia Renegada batez ere, non espresioan oinarritzen diren irudiak Erdi Aroko liburu elizkoietatik ateratakoak diruditen testuekin nahasten diren. Eta nola ez, Detritusen pintura. Artistaren marrazkia ikusgarria da; pinturaren bidez espresioaren puntu gorena lortzen duela esan dezakegu, pintzelkada eta kolorea baliatuz bere atmosfera emozionala ezin hobeto adierazten baitu, eta bizitzaren inguruko sentipen ezkor bat plazaratu. Ikusi besterik ez Ecce Homo pinturak gordetzen duen berotasun emozionala.

Marrazkiaren bidez ere nabariak dira artista honen sentipenak, betiere guztiak artearen bidez bideratzen dituela, barruan daraman korapiloa askatu nahirik. Askatu behar horrek sorkuntzak alor pertsonal batera eramaten ditu, eta gizartearen parte diren zeinu edo pertsonaia ezberdinak erabiltzen ditu ikuslea artelanetan gal ez dadin, gidari bat balitz bezala. Baina irudi horien guztien atzean oso barruan gordetzen diren sentipenak azaleratzen dira, ikuspuntu bakar baten bidez gizarteari tripak atera eta haien usain eta jarioarekin errealitate propio bat sortuz. Errealitate honen momentu konkretu batean finkatu ezinik denbora igaroz doa, eta larrua aldatuz doan sugeak balira bezala, Detritusen irudi eta pertsonaiek denboraren aldaketa amaigabea sufritzen dute, etengabeko tortura bat azaleratuz. Eta, era berean, hain dira sinpleak sentipen hauek, non gertutik bizi ditzakeen ikusleak; Vida y muerte de Iosu ExpĆ³sito VI eta La taberna artelanak horren adibide garbia dira.

Hala ere, esan beharra daukat erakusketa konkretu hau ez dela hain emozionala, erakusketako parte handi bat Detritusek sortutako kartelek osatzen baitute. Eta emozio falta hori ez da teknikaren aldaketa bat ematen delako (kartelen marrazkia eta konposizioak oso onak dira), baizik eta horiek artista eta pertsonaren barrualdeko sentipenetatik jaio baino gehiago haren inguruan oinarritzen direlako, arazo eta lelo konkretu batzuk landuz. Alde horretatik, Detritusen lanak indarra galtzen du, gehiegi hurbiltzen baita bere ingurura barnean gordetzen duen indar puntua alde batera utziz. Kasu honetan errealitatea ez du Detritusek definitzen, aurretik ezarritako ideia eta lelok baititu abiapuntu, gaur egungo gizartean hain erabiliak izan diren enfrentamendu sozial, politiko edo kulturalak berriro azaleratuz. Egia da, bai, kartel hauek 80 eta 90eko hamarkadetakoak izanik eta punk estetika batean klasifikaturik, artistaren nondik norakoak ezagutzeko garrantzitsuak bilakatzen direla, bizi izan dituen gatazka eta bizipen ezberdinen dokumentu interesgarriak direla. Baina, esan bezala, lan horietan sormenaren jarioak pertsonaren ardatza galtzen du,etaartistaren lanak galera hau nabaritzen du.

Esan bezala, 1964an, Donostian jaioa; 1983an, Arte Ederretako ikasketak hasi zituen, baina lehen urtea amaitu ondoren utzi zuen fakultatea. Ilustratzaile gisa hainbat publikaziotan lan egin du, besteak beste, Txalapartak editatutako Euskal Herriko Kartelak eta Txertoak plazaratutako Breve historia del anarquismo Vasco (2011). 1984az geroztik, erakusketa askotan erakutsi ditu bere artelanak, aipatzekoa da AEBetan antolatutako hainbat erakusketatan izandako parte hartzea, 1996. eta 1999. urte artean han igaro zuen garaiarekin batera. 1991n Gipuzkoako Artista Gazteen Lehiaketako lehen saria jaso zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.