'La Fortuna'
Zuzendaria: Alejandro Amenabar. Herrialdea: Espainia.Iraupena: 295 minutu.
Sail Ofizialean, lehiaketaz kanpo, telesail berria aurkeztu du Alejandro Amenabarrek: La Fortuna. Sei atalez osatua da, eta ondare historiko eta kulturalaren ustiaketa kasu batez ari zaigu. Enpresa estatubatuar batek itsasoan hondoratutako XIX. mendearen hasierako altxorra lapurtuko du. Pirata modernoak, urpekontzi telegidatu eta guzti.
Aktore aukeraketa izugarria, nazioarteko antzezleak eta ekoizpen maila altua ditu telesailak, eta argi dago diru faltarik ez duela izan. Telesailak denetarik egin nahiko du: trama erromantikoa izango du; judiziala —epaitegietan pasatuko ditu atal eta ordu batzuk—; historikoa ere izango da, denboran atzera eginez iraganera garraiatuko gaituelako; trama politiko eta enpresarial ustela, errepidean auto pertsekuzioa izatera ere heltzen da.
Bueno, itxura ona hartuko diozuelakoan nago. Ba ez. Sentitzen dut. Batere ez. Ezer ez. Aharrausi erraldoia. Produktu algoritmiko ausazkoena dirudi, robotek gizakioi gustatu beharko litzaigukeenaren susmoekin eraikia.
Telesailak asmo onak dituela zalantzarik ez dut. Emaitza, ordea, inora iristen ez den arimarik gabeko gorpua dugu; Frankenstein-a gaizki atera zaie, antza. Nork diruztatu, hura eztitu, eta halakoxea da telesaila, auzo-lotsarako une franko eskaintzen dituena. Espainiaren handitasun galdua, inperioaren ondarea, AEBekiko txikitasun sentimendua, han, Ameriketan, guztia ongi egiten dutelako. Abertzaletasun dema egongo da nahi beste. Kultura eta Turismo sailek zein plataformek ekoiztutako produktua dirudi. Publiko atzerritarrarentzat pentsatuta dago, eta parte handienean ingelesez idatzita. Hain zuzen ere, hemen bikoiztua pantailaratuko dute. La casa de papel telesailaren bidean urrea ikusi dute, eta asmo horrekin egina dirudi La Fortuna-k.
Erreferentziek, diskurtsoak eta tonuak bala gurutzatuen tiroketa dirudite. Masa kultura, erraza, eramangarria, une barregarri edo politen bat jasotzen duena, baina guztiz hutsa. Eta zer nahi duzue, ezin dut burutik kendu Fortuna Juan Carlos I.a errege ohiaren yatea zela. Bonappétit.
Donostiako 69. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA
Txin, txin, plataformetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu