Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Sail Ofiziala

Tragedia italiar bat Bosnian

Gontzal Agote.
2012ko irailaren 27a
00:00
Entzun
'Venuto al mundo'

Zuzendaria: Sergio Castellitto. Aktoreak: Penelope Cruz, Emile Hirsch. Herrialdea: Italia-Espainia. Iraupena: 125 minutu

Aurtengo Sail Ofiziala ematen ari zen maila ona guztiz makaldu du Sergio Castellitoren filmak. Aktore eta zuzendariak ez du asmatu gertaeraz beteriko liburua pantailara eramaten, eta lortu duen emaitza zinez tristea da.

Luze egiten dira bi orduak; izan ere, kontu asko, gehiegi, sartu nahi izan ditu italiarrak, gehientsuak tragedia kutsua dutenak: Balkanetako gerra, lagunen heriotzak, bortxaketak, seme-alabak izateko eta adoptatzeko ezintasuna, dibortzioa… Eta, nahitaez, gauzak ziztu bizian ematera behartzen du, kontu bat bestearen atzetik etorriko da,arrapaladan, inongo sakontasunik gabe, eta ikusleari batere atsedenik eman gabe.

Sekuentzia kateatuen sorta da Venuto al mondo, eta ez du horien artean batere koherentziarik josten; behin eta berriz sortuko diren hutsune narratiboak flashback-en bitartez disimulatzera mugatuko da. Tarteka, zuzendaria ikusleaz errukitu eta ikusten ari den abiada handiko tragedian atseden pittin bat emateko asmoz, bideo musikal batzuk tartekatuko ditu, itsasoaren irudi iradokitzaileak eta AEBetako musikari ezagunen bat, dela Nirvana, dela Bruce Springsteen.

Sarajevoko setioa eta hari lotutako gerra gordina ezerezean utziko ditu filmak, kartoizko gerra batekin ordezkatuko ditu: eztanda pare bat eta ero itxura duten milizianoekiko plano batzuk. Gerra amaituta, oso bestelako Bosnia agertuko zaigu pantailan: bidaia agentziek turismoa sustatzeko erabiltzen dituzten promozio bideoen antzekoak dira irla liluragarriaren airetik hartutako irudiak.

Hanka-buztanik ez du, guztiz zentzugabea da Venuto al mondo, sinesgaitza eta eskasa. Azken minutuak aurreko guztiaren apokalipsi kontzentratua dira, orduan ernatu ginen ikusleok, eta irriak hasi ziren, hain justu filmak kontrakoa lortu nahi zuenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.