Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Zabaltegi Bereziak

Torres Vedras

Beñat Eizagirre Indo.
2012ko irailaren 23a
00:00
Entzun
'As linhas de Torres'

Zuzendaria: Valeria Sarmiento.

Herrialdea: Portugal.

Iraupena: 180 minutu.

Valeria Sarmientoren Linhas de Wellington joan den Veneziako Sail Ofizialean estreinatu zen. Zuzendari txiletarrak proiektu berean oinarritutako telesaila aurkeztuko du bihar Donostian, Catherine Deneuve, Isabelle Huppert eta Marisa Paredes aktoreekin batera. 55na minutuko hiru atalek osatzen dute filma, baina ez da Raul Ruiz haren senarra zenaren Mistérios de Lisboa bezain luzea. As linhas de Torres Ruizen proiektua zen, baina duela bi urteko Zilarrezko Maskorraren irabazlea iaz zendu zen 70 urterekin, eta orduan emazteak bere gain hartu zuen proiektua. Filmaren iraupenak beldur pixka bat eman badezake ere, ederra eta entretenigarria gertatzen da. Historiak eta Carlos Sabogak idatzitako istorioak primeran egiten dute bat. Formalki oso dotorea den arren, argi dago istorioa dela garrantzitsuena, eta, hortaz, tradizio klasikoan oinarritzen da. Ez du aspertzeko astirik ematen, pantailan hainbeste pertsonaia ageri direnez garai hura hobeto ulertzeko aukera ezin hobea eskaintzen baitu. Ezagutza ezin da emozio edo sentimenduetatik bereizi; horregatik, benetan interesgarriak gertatzen dira Historia transmititzea jomuga duten filmak. Historia historialariek eraikitako narrazioa den heinean, fikzioaren boterea eraginkortasun handiz balia dezakete historia modu ludiko batean zabaldu nahi dutenek. Napoleonek 1810eko udan bidali zituen hirugarrengoz bere tropak Portugal inbaditzeko helburuarekin, eta frantsesen erretretarekin amaitu zen guda 1811ko apirilean. Frantsesek milaka gizon galdu zituzten kanpaina hartan, eta, Lisboarako bidean, martxa nekagarri baten ostean, ezin izan zuten Torres Vedrasko gotorlekua gainditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.