Donostiako 72. Musika Hamabostaldia. Kritika

Testosterona dantzan

Compagnie Thor dantza taldeak Viktoria Eugenia antzokian emandako ikuskizunaren irudi bat. GARI GARAIALDE / ARP.
Arkaitz Mendoza.
2011ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Compagnie Thor
Koreografoa: Thierry Smiths. Koreografia: 'To The Ones I Love'. Lekua: Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: abuztuak 16.


Afrikar jatorriko bederatzi dantzari agertoki zuri batean, Johann Sebastian Bachen musika dantzatzen. Dantza taldeak ez du mezu politikorik planteatu nahi, estetikaren aldeko apustua baita. Mugimenduan oinarritzen den gorputzari buruz hitz egin nahi du Thor dantza konpainiako buru Thierry Smiths jaunak, dantza egitearen plazerari eta energia hori ikuslearekin partekatu nahiari buruz.

Intentzioak betiere izan daitezke errespetagarriak, eta asmo edota helburuak lortzeko irrikak une oro mantendu beharreko ilusioak dira, baina Thor dantza konpainiak planteatzen duen lana Pilates saio emankor eta izerditsu bat da. Bachen musika erabiltzen dute gorputz mugimenduak jostagarri izan daitezen, baina Beethovenen edota The Rolling Stonesen musikarekin dantzak berdintsu izango ziratekeen. Musikaren eta dantzaren arteko erlazioa ez da inondik inora antzematen, eta soinketa ariketa ero horren helburua ikusleen testosterona piztea dela dirudi.

Gorputz galantak, gizon puskak, minutuak aurrera joan ahala geroz eta izerditsuago, eta kamiseta koloredunak janzten eta eranzten dihardute saio osoa. Kolore biziko kamiseta estuak erotismo kutsu penagarriz janzten dituzte, handik minutu gutxira berriz ere erantzi, ikusleen barne erotismoa piztu, jarraian beste kolore bateko elastikoa jartzeko. Gorputz gihartsu horien erakusketako kolore guztiak elkartzean gay taldearen ostadarra irudikatzen da; aldarrikapen politikorik ez, Smiths jauna, baina sexu aldarrikapenen bat bazegoen tartean…

Pilates saio ustela, zentzugabea, bederatzi dantzari taldeko koreografia lan inozo bat irudikatzen hasieratik amaiera arte. Laburbilduz, ikusleen bilirrubina azkar asko gorantz abiatu zen; bestela ulergaitzak dira bukaerako txalo zaparradak, gorputz izpidun eta izerditsu haiei zuzendutako zoramenezko txistu eta oihu basatiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.