Artea. Kritika. Artea

Sormenaren aztarnak

Azken hamabi urteotako lanak daude erakusketan. MONIKA DEL VALLE / ARP.
2012ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
'Estaciones'

Lekua: Bilbo Arte.Noiz arte: ekainaren 9ra arte.

Bilbo Arte Fundazioak bere bildumaren inguruko erakusketa bat antolatzea erabaki du, Guggenheim museoko Jarduera Museistikoen zuzendari Petra Joos-ek aurkezten duen hamasei artelanen aukeraketarekin. Bilbo Arte fundazioa 1998. urtean sortu zen, eta, ordutik, BBKren laguntzarekin, artista gazteen beka programa bat garatu du, eta, azken 12 urteetan, 200 artistatik gora pasatu dira beka programa horretatik.

Estaciones izenburupean, Bilbo Arteko beka programan izan diren artista garrantzitsuenetakoek hartzen dute parte: Elssie Ansareo, Bene Bergrado, Isabel de Naveran, Naia del Castillo, Mikel Eskuriaza, Usoa Fullaondo, Burchhard Garlick, Sonja Meyer, Miguel Angel Gaueca, Abigail Lazkoz, Txuspo Poyo, Mabi Revuelta, Ixone Sadaba, Eduardo Sourrouille, Iñigo Tena eta Begoña Zuberoa. Azken hamarkadan euskal arte garaikidearen barruan indarra hartu duten hainbat artista dira.

Inork ez dezala pentsa Guggenheim museoko erakusketa bat ikustera doanik. Zentroko baliabideak mugatuak dira, eta, muga horien barruan, arduradunek erakusketa xumea baina txukuna antolatzea lortu dute. Erakusketa honen interesa historian gordetzen da. Batetik, zentroak azken 12 urteetan eraman duen ibilbidearen berri eman nahi du; bestetik, gaur egun ezagunak diren artista talde baten ibilbideko lehen pausoak edo pauso bereizgarriak ezagutu ditzakegu. Erakusketarekin batera editatu den katalogoak artista bakoitzaren momentuko interesen berri ematen digu, garai hartan hainbat proiekturen garapenerako eta esperimentaziorako garrantzitsuak izan ziren prozesu eta interpretazioak. Esperimentazio kutsu horrek oraindik gaztea den proiektu baten ezaugarriak aurkezten dizkigu, zeren, beka programak azaleratzen dituen artista guztien atzean 12 urteko ibilbidea bakarrik dago, eta orain arte lortu diren emaitzek programaren balioa azpimarratzen dute.

Aipatu bezala, erakusketaren benetako interesa fundazioa eta artista askoren ibilbidearen loturan gordetzen da, eta bereziki aipagarria da nolabait gaur egun ezagunak egiten zaizkigun artisten lanaren jarraipen bat egiteaerakusketan zehar. Besteak beste, Abigail Lazkozek 2000.urtean sortutako Nevermore2 lana ikus dezakegu, non, jada, bere lanaren ezaugarri dituen marrazkia eta linea beltza azaleratzen diren. Del Castilloren lehen seriea izan zen Atrapados-en parte den Retratos VI, Sadabaren argazki manipulatuen sarrera bat Phlegmone3-ekin edota 2006ko Gure Artea lehiaketan saritua izan zen Txuspo Poyoren Ambientes hostiles 3D animazioa.

Halere, nahiz eta erakusketaren antolaketan lan txukuna egin den, ez zait iruditzen Bilbo Artek beka programaren bitartez eraiki duen bildumaren adierazgarria denik. Egia da artista asko pasatu direla zentrotik, eta artelan askoren artean hautaketa bat egitea ez dela lan erraza, baina, erakusketari begirada azkar bat eman ondoren, ia artelan gehienak 2005 aurrekoak direla konturatzen gara, bi salbuespenekin, Miguel Angel Gaueca (2009) eta Iñigo Tena (2007). Bestalde pintura eta, batez ere, eskulturaren alorrean bereizgarriak diren lanak falta dira, segur aski, espazioak dituen muga fisikoek baldintzatuak.

Katalogoko hitzak irakurri ondoren — «Bekadun pertsonek beren ibilbidean zehar utzi dituzten aztarna ugarietatik jaio da fundazioko artelanen bilduma. Eta legatu horretatik, esperientzia oparo horren isla, Estaciones izeneko erakusketa hau sortu da»—, ez da ulertzekoa hautaketa horren barruan azken sei urteotako bi artistaren lana besterik ez aurkeztea. Egia da Mabi Revuelta eta Begoña Zubero azken urteetan berriro izan direla bekadunak, baina hautatutako lanak aurrekoak dira. Horrek hainbat interpretazio eduki ditzake: nolabaiteko izena daukaten artistekin hornitu nahi izan dute erakusketa, edo, besterik gabe, lehengo artistak azken belaunaldikoak baino hobeak dira. Egia da artista belaunaldi arrakastatsu bat izan zela 90eko hamarkada amaierarekin lotutakoa, baina ez dut uste gaur egungoak txarrak direnik. Programa honetatik pasatu dira azken urteetan, besteak beste, Alain M. Urrutia, Zuhar Iruretagoiena, Patrick Grijalvo eta Nerea de Diego.

Hori guztia kontuan harturik, bildumaren adierazgarri izan nahi duen erakusketa batek bestelako antolaketa bat behar du, hautaketa zabalago batez gain beste espazio mota bat. Rekalde aretoa datorkit burura, espazio horretan programa honek merezi duen erakusketa polit bat antola daiteke, azken urteetan eduki duen garrantzia azaleratuko duena. Oraingoz, Estaciones-ekin konformatu beharko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.