Artea
'Artea bizibide. Pilar Citolerren Circa XX bilduma'
Lekua: Kubo Kutxa aretoa. Noiz arte: abuztuaren 26a arte.
Artea bizibide titulupean aurkezturik, bilduma honetako artelanik garrantzitsuenetakoak ikus daitezke; besteak beste, Pablo Picasso, Andy Warhol, Cristina Iglesias eta Francis Baconen lanak. Guztira, ehun bat lan bildu dituzte, Pilar Citolerren bildumaren zati txiki bat, azken 40 urteetan 1.300 artelan baino gehiago bildu baititu. Bildumak XX. eta XXI. mendeko artearen eremu zabal bat jasotzen du, eta teknika eta gai asko biltzen dira. Hori dela eta, Circa XX bilduma erakusketa askoren oinarria izan da azken urteetan. Bilduma honetatik sortu dira 2009an Kordoban (Espainia) antolatutako Modernstars, non bildumako 300 artelan hiriko hainbat espaziotan zabaldu ziren. Ceci n'est pas une photografie erakusketan, berriz, argazkia baliabide piktoriko moduan erabili zuten artisten aukeraketa bat aurkeztu zuten; eta 2011n CAFen (Centro Andaluz de Fotografia) aurkeztutako La ciudad magnífica. Arquitecturas en la colección Circa XX-Pilar Citoler erakusketa,argazkilari garaikideen lana biltzen zen, Hiria zuelarik gai nagusi modura.
Honako honetan erakusketaren komisario Lola Duran eta Alfonso de la Torrek bildumagilearen sentipenetan ezarri nahi izan dute indarra, eta hark artelan bat edo bestea aukeratzeko orduan eduki dituen momentuko arrazoietan. Beraz, erakusketak, artelan edo artisten inguruko elkarrizketaren gainetik, bildumagilearen papera azpimarratzen du; izan ere, bildumak, oro har, eta aukeraketa konkretu honek nolabait hautatzailearen erretratu bat planteatzen dute: Pilar Citolerren erretratua, bere bildumako artelanen bitartez.
Pilar Citoler 1937an jaio zen, Zaragozan (Espainia); medikuntza eta estomatologia ikasketak egin zituen, eta Zaragozan irakasle gisa lan egin zuen. 70eko hamarkadatik artearekin lotura estua izan du; 1972an eskuratu zuen bere bildumako lehen lana, Juana Mordo galeriaren bitartez. Arte mugimendu askoren jarraitzaile sutsua izanik, Espainiako El Paso taldeko artisten artelanak eskuratu zituen. Halaber, nazioarteko arte azoken bitartez, AEBetako pop mugimenduaren barruan adierazgarriak ziren artisten lanak ere lortu zituen. Azkenean, urteetako lanaren ondoren, Espainiako arte bilduma garrantzitsuenetako bat sortzea lortu du. Lan hori dela eta, 2005ean Arco azokako Espainiako bildumagile pribatuaren saria jaso zuen, eta 2007an Arte Ederretako urrezko domina.
Citolerrek dioenez, inoiz ez zuen bilduma bat sortzeko asmo zehatzik eduki, eta artea jolas edo dibertsio modura erosten zuen, baina denbora aurrera joan ahala interes hau obsesio bilakatu zen. Azkenik, artelanak pilatzen joan zitzaizkion, eta, gaur egun, bilduma erakustea behar bat bilakatu da. Oro har, bildumazaletasunari dagokionez, bi mota daudela esan dezakegu: bildumazaletasun instituzionala eta bildumazaletasun pribatua. Bildumazaletasun mota horiek, arte garaikideko museoak dituzte lotura-gune, hainbat arrazoi direla medio. Alde batetik, gehienetan erakunde publikoen diru-laguntza duten museo publikoen bidez aurrera eramaten diren bilduma instituzionalak ditugu (esan beharra dago museo horiek, beren bilduma iraunkorra izateaz gain, museoari denbora tarte baterako emandako bilduma pribatuak ere badituztela), eta, bestalde, fundazioen bidez edo bildumazale pribatuen bidez eraikitako museoak ditugu. Kasu horretan, normalean, hirietako udalen lankidetza ere izaten dute, eta onura bientza izaten da.
Neurrigabeko bildumazaletasunak bere ondorioak ekarri ditu. Alde batetik, azken urteetan mundu osoan ikaragarri zabaldu dira arte garaikideko museoak, geroz eta gehiago baitira beren bilduma gordetzeko gune berriak eraiki nahi dituzten bildumazale pribatu eta fundazioak. Baina, arazo ekonomiko eta politikoak direla eta, geroz eta ohikoagoa da bildumagile pribatuek euren bildumak kokatzeko arazoak edukitzea, denentzako toki egokia aurkitzea ez baita erraza eta, gainera, itzalean interes kontrajarriak ere egon daitezke, ez beti arte eta oro har kulturarekin lotutakoak. Eta horixe gertatzen ari zaio Citolerri Kordobako Udalarekin. Urte batzuk pasatu dira jada CircaXX bilduma Kordobako Udalari lagatzea planteatu zenetik. Orduan, Kordobako hiria, beste batzuekin batera (horien artean Donostia), 2016ko Europako Kultur Hiriburu izendatzeko bidean zegoen, eta politikariek ondo hartu zuten proposamena; baina behin kultur hiriburu izateko aukera galdurik, udalaren partetik ez da aurrerapausorik eman; interesa galdu dute. Bestalde, zabaldu den informazioaren arabera, erakunde publikoek bilduma jasotzearen truke Citolerri urtean 200.000 euro ordainduko liokete, bilduma osoaren balioaren %2; gaur egungo krisia dela eta, kopuru handia erakundeentzat.
Gauza bat dela edo bestea dela, Espainian sortu den bilduma garrantzitsuenetako bat egoitzarik gabe dago oraindik, eta, bitartean, Donostian, zeinak 2016. urteko Kultura Hiriburutza lortu duen, Circa XX bildumaren inguruko erakusketa antolatu da. Politika kontuak.
Artea. Kritika
Politika kontuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu