'Emilia'
Egilea: Claudio Tolcachir. Lekua: Gasteizko Principal antzokia. Eguna: Urriak 11.
Gasteizko Principal antzokiko eszenatokiak itxura berezia hartu du Emilia izeneko antzezlanerako. Claudio Tolcachir muntaiaren zuzendaria izanik, haren aurreko lanetako estetika txiroan eraiki da dekoratua, baina oraingo honetan airetik zintzilikatuta agertu dira hirugarren eskuko aulki multzoak eta zurezko altxariak. Zoru mailan, berriz, karratu handi bat markatu dute manta tolestu askorekin egindako hormek, eta atzeko aldean, ziega bateko atea zirudienak definitu du etxe hartako giro klaustrofobikoa.
Tolcachir argentinarra ezaguna egin zen, merezimendu osoz, La omisión de la familia Coleman lan artegagarriarekin, eta gero sortutako Tercer cuerpo eta El viento en un violín ere Euskal Herrira etorri ziren, agerian utziz antzerkigilearen ideia berritzaileak testuan eta aktoreen zintzotasunean oinarritzen zirela. Gainera, egilearen ezaugarri nagusitzat jo dezakegu giza harremanetan egiten duen azterketa sakona, neurri batean poetikoa baina gehienetan mingarria izan daitekeena.
Hain zuzen, hori berori izan da estreinatu berri duen lanaren funtsa, baina oraingo honetan bazterrean utzi du giza harremanetan ezinbestekoa den osagai soziologikoa, eta zeharo zentratu da sendi bateko kideen izaera patologikoetan, nahiz eta hautu horrekin hurbil, oso hurbil, geratu den Hollywoodeko psikologismo merkearen agortasunetik.
Bide horretatik, muturreko portaerak erakutsi dituzte antzezlaneko pertsonaia gaixotiek: Emilia zaharrak beti izan du izaera posesiboa semeordearekin, eta horren ondorioz umetuta dago etxeko gizona izan behar zen hura; haren emazteak zoriontasuna galdu du segurtasunaren truke, eta etxeko gaztetxoa denen menpeko jostailua baino ez da. Bitartean, eta haien guztien gristasuna apaindu nahian edo, nerabeen jokabide asaldatuak erakutsi dituzte pertsonaiek barra-barra, bata bestearen gainean hitz eginez eta emozioak neurrigabe azaleratuz. Bestetik, aipatzekoa da behar fisiologikoek —egarria, komunera joatearena, gosea, hilekoa...— nolabaiteko protagonismoa hartu dutela han-hemenka, eta horrela gehiago bultzatu dela egunerokotasun arruntaren apologia.
Hala ere, Tolcachir iradokitze planoan geratu da gehienbat, pertsonaien arteko hari asko airean edo ikusleen esku utziz, eta nik uste dut horri esker salbatu dela modako egilearen azken proposamen hau, aktore guztien ganorazko laguntzarekin, jakina.
Kritika. Antzerkia
Pertsonaia gaixotiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu