Kritika. Musika

Perfekzioak badu xarma

mikel lizarralde
2011ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Wilco eta Jonathan Wilson

Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma.

Eguna: azaroaren 3a.

Sarritan izan dira Euskal Herrian Jeff Tweedy eta haren taldekideak, eta dagoeneko inor ez luke ezustean harrapatu beharko Wilcok zuzenean eskaintzen duenak. Deitu klase magistrala edo deitu perfekzioa, gaur egun gutxiren esku dagoena ematen du Chicagoko seikoteak: rocka, folka, arrisku kontrolatua eta emozioa barra-barra uztartzen dituen ikuskizun perfektua. Akatsik gabea.

Eta, hala ere, ezusterik ez izateak ez dio kentzen meriturik Wilcok Donostian eman zuen kontzertuari. Are gutxiago. Via Chicago delikatuaren erdian bihotza apurtzerainoko eztanda kaotikoa lehertzen denean, emozioa gailentzen da harriduraren gainetik, eta goxo-goxo jartzen direnean ere (Black Moon, One Wing zoragarria), lehen ziztada garrantzitsuagoa da musikari bakoitzaren lan partikularra baino.

The Whole Love diskoa ondo ordezkatua izan zen —One Sunday Morning luze eta errepikakorrarekin hasi ziren, eta, besteak beste, Art Of Almost, Dawned On Me, eta Capitol City jo zituzten, baina denbora izan zuten iraganeko harribitxiak ere gogorarazteko: Heavy Metal Drummer, Jesus, etc., Impossible Germany... Perfekzio ikaragarriarekin.

Jonathan Wilsonek, berriz, Gram Parsons eta Pink Floyden arteko saio bitxia eskaini zuen. Country-folketik adina rock progresibotik edaten zuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.