Kritika. Zirkua

Musika dario motorrari

Agus Perez.
2012ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
'Salir'

Konpainia: Coliflor.

Lekua: Durangoko San Agustin aretoa.

Eguna: maiatzak 26.

Krak egin du da kamioi zaharrak eszenatokitik zentimetro bakar batzuk egin ostean. Kea dario erradiadoretik eta zirku konpainiako kideak atzeko kaxatik irten dira, presa barik eta kezka handirik gabe. Txoferrak zerbait konpondu bitartean, ordea, musika hasi da irteten motor hondatutik eta orduan konturatu gara diferenteak direla gauzen itxura eta errealitatea, kamioi bateko motorra zirudiena musika-instrumentu multzo bihurtu zaigula eta gu geu ametsetako giro irreal batean murgilduta gaudela.

Handik aurrera, bata bestearen atzetik ezagutu ditugu mundu poetiko hartako pertsonaiak: balde batean bizi eta lau hankatan dabilen izaki berezia, erratz burudun gizona, elkarren inguruko bikote birakaria eta zoruan inoiz pausatu ez den neska pisugabea, haietariko batzuk baino ez aipatzearren. Eta, egia esan, ez dira elkarren segidan agertu, nahasmendu lausotu batean joan direlako eszenan azaltzen eta desagertzen, elementu eszenikoen disposizioa aldatu ahala. Izan ere, metamorfosi harrigarri baten ondorioz, konpainiaren ezkutaleku, lagunentzako diskoteka eta batek daki zer gehiago bilakatu da hasierako kamioia, eta musika instrumentuak ere —tronboia, saxofoia, klarinetea, bateria eta akordeoia— jariotasun osoz txertatu dira ekintza eszenikoan, pertsonaia mutuen ateraldiak eta eboluzioak beren melodia atseginekin girotuz.

Emanaldia osoan argi geratu denez, gorputzen gaineko oreka da konpainiaren espezialitatea, baina horrekin batera ondo garatuta dituzte akrobazia, malabarismoa eta, bereziki, objektuen maneiua eta clown gaitasuna. Hala ere, ez da ikuskizunaren helburua izan inoren trebezia nabarmenak agerian uztea, eta muntaiaren balio nagusia elementu guztien dramaturgia integratzailea izan da. Haren bidez murgildu gara troupe arraro horren unibertso miresgarrian, eta hari esker gauzatu dira hainbat eszena zoragarri, hala nola billetez beteriko maletaren inguruko borroka, kafetera urdinen solasaldi magikoa eta, zelan ez, motor hondatuaren zorioneko konponketa, gainontzeko guztiari hasiera eman diona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.