'Frankenweenie'
Zuzendaria: Tim Burton. Gidoia: John August etaTim Burton. Iraupena: 87 minutu.
Tim Burton ez zen inor 1984an, Disneyren aginduetara lan egiten zuen morroi friki ugari horietako bat besterik ez. Urte horretan, ordu erdira ailegatzen ez zen film labur bat egin zuen; gaztetxo batek bere txakurra berpizteko egiten zituen ahaleginak zen istorioaren ardatza, Frankensteinen pertsonaia klasikoan oinarrituta.
Ia 30 urte igaro direnean, egoera zeharo aldatu da. Gaur egun Burton Hollywoodeko zuzendaririk errespetatuenetakoa da; estilo bat sortu du, eta haren lanak MOMAraino ailegatu dira. Nahi duen guztia egiten ahal duen zinemagile bakanetakoa da, eta aukera hori baliatuta, atzera egin eta gaztaroko Frankenweenie berreskuratzea erabaki du.
Ordu erdi eskasekoa zena hirukoiztu du; horretarako istorio nagusiari bestelako azpitramak erantsi dizkio, gehienak Victor pertsonaiaren ingurukoarekin lotutakoak: gurasoekiko harremana, ikaskide bitxiak... Baina, funtsean, lortu du garai hartako film laburraren mamia errespetatzea; ororen gainetik Frankensteinen gaineko interpretazio pertsonala da filma.
Horrekin batera, beldurrezko eta fantasiazko generoetako erreferentziaz josia dago pelikula. B sailaren zale amorratua izanik, haren gustuko film eta pertsonaiei eginiko omenaldi sorta amaigabea da Frankenweenie: Godzilla, Gremlins, Dracula eta abar pelikula berean sartzea lortu du zuzendariak.
Erreferentzien joko horrek arrisku saihestezina du: istorio nagusia nora ezean uztea. Burtonen eskarmentu eta trebeziari esker, ez da halakorik gertatuko; erritmo onean eramanen du aurrera narrazio nagusia, baina zeharkako trametan batasun falta sumatuko zaio filmari. Elementu asko dira pantailaratu nahi izan dituenak, eta, horretarako, nahitaez eraman beharko du abiada bizian ikuslea batetik bestera. Lasterketa narratibo horretan, arreta handiagoa eskatuko zuten zenbait hari mutur nahiko zintzilik utziko ditu: zientzia irakaslearen kaleratzea edo bizilagunarekiko harremana, esate baterako.
Gainerakoan, guztiz gozatzeko moduko filma da Frankenweenie. Ez da Burtonek egin duen lanik borobilena, baina orainaldi digitaletik iragan analogikoko munstroei esker on eta estimua adierazteko modu hunkigarria da.
Kritika. Zinema
Munstro maiteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu