'Masks'
Zuzendaria: Andres Marschall.
Herrialdea: Alemania.
Iraupena: 104 minutu.
Artea ez da inoiz benetakoa izango artistaren erraietatik ateratzen ez bada. Sentimendurik gabe ez baitago ezertxo egiterik. Artistak barruan daraman guztia atera behar du, eta helburu hori lortzeko, edozer gauza egiteko prest egon beharko luke aktore izan nahi duen orok. Ideia hori muturreraino eraman du Andreas Marschall marrazkilari eta zinemagileak bere bigarren fikziozko lanean. Grotowski antzerki zuzendari ospetsuaren metodoan oinarritu da horretarako. Egile poloniarrak aktorearengan jartzen zuen arreta guztia, dekoratua, musika, jantziak… ez ziren garrantzitsuak. Antzerkia ikerketa gisa ulertzen zuen, eta obra bakoitza behin eta berriz antzezten zuten, beti ikuspegi berri bat lortu nahian. Pertsonaien sufrimenduaren bidez ikus-entzuleak bere bizitzaren egia aurkitzea zuen helburu, hau da, maskararen atzean ezkutatzen zen hori zuen jomuga. Marschallek antzerki eskola beldurgarri batera gonbidatu gaitu, eta argi dago aktore txarrek ez dutela bertan lekurik. Stella aktore izan nahi duen gaztea da, eta interpretazio eskola guztietan ezezkoa jaso ostean Gdularen eskolan onartua izan da azkenean. Baina behin barrura sartuz gero, ez dago irteteko modurik; gajoa sekta baten atzaparretan erori da, eta lagun eta familiarik gabe ahul eta babesgabe sentituko da. Grotowskiren jarraitzaileek fikzioaren benetakotasuna aldarrikatuko dute, eta metodoaren bidez, ikasleen potentziala ateratzea lortzen dute ezbairik gabe. Metodoa eraginkorra da guztiz. Indibiduoaren eta taldearen arteko harremana primeran islatzen du filmak. Ikus-entzuleek hasieratik dakite eskola hori ero kuadrilla baten esku dagoela, baina protagonista pozez txoratzen dago bertan ikasi ahal izango duelako. Ikuskizunaren gizarteari kritika gogorra egiten dio egileak. Ziur zaude aktore izan nahi duzula?
Kritika. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXII. Astea
Metodoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu