Ipuin irudiduna da, ia album ilustratu baten egitura duena. Orrialde osoak hartzen dituzte ilustrazioek, askotan baita bi orrialdeak ere, eta testua, gehienetan, euren gainean txertatuta agertzen da.
Kontatzen den istorioa otso arrunt baten erredentzioarena da.
Negu gorria delarik, babes eske datorkio arkume herabe bat otso gosetuari. Afaritarako jango duelakoan, sartzen uzten dio, baina hain babesgabe den animaliatxoak egoera irauli egingo du.
Kontaketan otsoaren pentsamenduen deskribapena egiten da, arkumearenena, ordea, ez. Jarrera txeratsua erakusten du arkume koitaduak, eta otsoak, aspaldiko partez maitasun keinuen faltan zegoenak, ezingo du traizioa burutu. Nahiko rol neutroa hartzen du narratzaileak, eta otsoari uzten dio azaltzen bere baitan sortzen ari zaizkion kontraesanak eta emozioak. Hala, azkenerako bi animaliek barazki zopa jaten amaitzen dute, sutondoaren epelean.
Irakurlearen adinari dagokionez, lauzpabost urtetik gorako irakurleek heldu batekin emozioz irakurtzeko modukoa dirudi, kontatzeko moduagatik, eta ilustrazioen eite infantilagatik.
HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Afaltzera etorri zen arkumetxoa'
Maitasunaren indarra
Idazlea: Steve Smallman. Ilustratzailea: Joelle Dreidemy. Itzultzailea: Jone Hualde. Argitaletxea: Denonartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu