Kritika. Zinema

Maisuaren askatasuna

Gontzal Agote.
2012ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
'Les herbes folles'

Zuzendaria: Alain Resnais. Aktoreak: Sabine Azema,Andre Dussolier, Anne Consigny. Herrialdea: Frantzia.Iraupena: 109 minutu.

Horma edo zoru grisaren erdian, jaberik gabe, baimenik gabe ateratzen diren basabelar horiek. Ez dute zergatirik, ez eta iraganik ere, momentuko berdetasuna da, auskalo noiz arte iraunen duena, norbaitek zapaldu arte akaso. Bakanak dira, txinparta koloretsuak, eta horiei esker, horma edo zoruko gristasuna jasangarriago bihurtuko da.

80 urteak ongi beteak ditu Alain Resnaisek. Datu hori jakiteak are harrigarriago egiten du haren azken pelikulak duen freskotasun eta ausardia. Baina zuzendari beteranoaren filmografia zabalari erreparatuta, halakorik ez luke harridurarik eragin beharko, iraultzailea izan baitzen bere fikziozko bi lan luzeekin— Hiroshima, mon amour (1959) eta L'annèe dernière à Marienbad (1961)— eta halaxe segitu du orduz geroztik. Moda guztietatik aparte —nouvelle vague-ri zeharka baino ez zion begiratu—, morrontzarik gabe, beti bide berriak urratu nahian.

Pelikula batzuk sentitzeko, zentzumenez gozatzeko dira; nahiko etsigarria eta guztiz alferrikakoa gertatzen ahal da horiek arrazionalizatzen saiatzea. Les herbes folles horren adibide garbia da. Surrealismoren ertz batean dago istorioa —gerra hegazkinez beteriko aireportu hori!—; hortaz, hari nagusia ez da inolaz ere filmak duen alderdirik inportanteena. Ulergarria da hainbat ikusle haserre ateratzea aretotik, goitik behera itxita dagoen istorio lineal baten bila sartu badira.

Hain justu, Resnaisek hutsuneak betetzeko eskatuko dio ikusleari. Pertsonaien gaineko informaziorik ez dago, ez dute iraganik, ez dute motibazio garbirik. Anekdota hutsa izaten ahal zen eguneroko gertaera batek eraginda, mundu ia oniriko eta fantasiazkoan sartuko ditu pelikulak; eta pertsonaiekin batera, ikusleak.

Kolore biziak eta kamera mugimendu dotoreak dira jazz konposizio honen barruan bidea egiten lagundu duten elementu nabarmenenak. Aspalditik Almodovarrek egin nahiko zuen pelikula egin du Alain Resnaisek, askoz ere dotoreago. Izan ere, dagoeneko ez du estilo jakin bat, identitate zinematografiko bat behar.

Horregatik, askatasun ariketa ederra da Les herbes folles, maisu handi baten jakinduria eta patxada intelektuala erakusten duen harribitxi ezohikoa. Moderno txapa jantzi behar izan gabe modernitatea ulertzeko ikastaro azkarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.