Donostiako 59. zinemaldia. Kritika. Sail Ofiziala

Kontrasteen jolasa

Gontzal Agote.
2011ko irailaren 25a
00:00
Entzun
'Intouchables'

Zuzendariak: Eric Toledano eta Olivier Nakache. Aktoreak: François Cluzet, Omar Sy. Herrialdea: Frantzia. Iraupena: 109 min.

Lau Oscar irabazi zituen Driving Miss Daisy-k 1989. urtean; horien artean, pelikula onenarena. Gaur egun, inor ez da Daisy eta haren gidarekin akordatzen. Spike Leek, ordea, oso gogoan ditu; urte berean Do the Right Thing egin zuen: «Pelikula onenerako izendapen bakar bat ere ez zuen jaso. Oscar sariek ez dute ezertarako balio, hogei urte geroago nork ikusten du Driving Miss Daisy?».

Dirudienez, ez da oroitzen den bakarra. Olivier Nakache eta Eric Toledanok Bruce Beresforden filmaren erreplika gaurkotua eta are bigunagoa egitea erabaki dute. Zinema frantziarrak nortasun handia erakusten segitzen du gaur egun, baina haren adarrik komertzialena —Luc Besson buru duena— Hollywoodera begira egon ohi da, han egiten diren eredu eta keria guztiak inportatzeko.

Eddie Murphyrekin ere akordatu gara; nola, bestela. Baita buddy film deitzen den azpigenero estatubatuar horrekin ere. Guztiz izaera kontrajarria duten bi pertsona zeregin berean jartzea da film horien meritua, hortik aterako diren egoera xelebreekin jolasteko .

Horien guztien kopia kaskarra baino ez da Intouchables, graziarik gabeko txiste bilduma jasangaitza. Auzune txiroko jatorri afrikarreko erizainaren eta elbarri aberats gogaituaren arteko harreman sinestezinaren gainean dago eraikia pelikula.

Abiapuntuan ere ez dute lan handirik hartuko bi zuzendariek, «langabeziarako papera behar dut» eta «kontratatuta zaude», sekuentzia pare bat aski izan zaie klase eta arraza aurreiritzirik gabeko gizarte bateko istorioa martxan jartzeko. Hortik aurrera, topikoen gaineko gag-en errepikapen tristea etorriko da, oso oinarrizko teknika errepikakorrak baliatuta, bereziki kontrastearena: opera, musika klasikoa, pintura garaikidea, porroa, sexua ...

Presazko barreen gainetik, ustezko komedia hunkigarri honek bere barnean ezkutatzen dituen balioak aztertzea nahiko kontu argigarria da. Adibide bakar batzuk jartzearren: protagonistaren lehen ekintza lapurtzea da, mehatxuka konpontzen ditu bere nagusiek dituzten arazoak —aparkatzeko tokia, edo mutil-lagunaren portaera desegokia—, beste pertsona baten «egokitasuna» haren pisuaren arabera baloratuko du…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.