Alabama Shakes eta Sharon Jones & The Dap-Kings
Lekua: Zurriola hondartzako Agertoki berdea. Eguna: uztailak 19.
Arrakasta deritzon horretara iristeko oso bide ezberdina egin duten bi taldek ireki zuten Zurriola hondartzako Agertoki Berdea, ostegun gauean. Alabama Shakes laukoteak —zuzenean, boskote bilakatzen da— oso azkar, lehen diskoarekin, lortu du ezusteko oihartzuna AEBetako mugetatik kanpo. Ezustekoa taldekideentzat izan da —hala adierazi dute hainbat elkarrizketatan—, eta ezustekoa, Boys & Girls-ek jasotako goraipamenak gehiegizkoak iruditzen zaizkigunontzat ere. Talde txukuna da Alabama Shakes, 60-70eko hamarkadetako eraginak (soul, blues, AEBetako hegoaldeko rocka…) mimetikoki bada ere modu trebean nahasten ditu, eta tarteka Janis Joplin (zuzenean, ez horrenbeste) gogora ekartzen duen kantari indartsu eta talentudun bat du, baina kantatzeko moduko kantuak falta zaizkio oraingoz. Etorkizunean, akaso…
Bide luzeagoa egin behar izan du Sharon Jonesek egungo estatusera iristeko. Soulak azken urteetan izan duen suspertzearen erantzule nagusietako bat da 56 urteko newyorktarra. Lehen eguneko izen nagusia zen, eta ez zuen huts egin. The Dap-Kings talde bikainaren laguntzaz —zazpi musikari eta bi ahots laguntzaile—, sekulako grina erakustaldia egin zuen Jonesek, ordu eta erdiz agertokiaren alde batetik bestera kantuan eta dantzan arituz, nekaezin. He Said I can, New Shoes, Window Shopping… aletu ostean, When I Come Home funk kantuarekin une gorena hartu zuen kontzertuak —ia ordu laurdenera luzatu zuen abestia—, eta hortik aurrera trantze modukoan sartu zen hainbat alditan, gorputza bortizki astinduz, baina indar zipitzik galdu gabe ahotsean. Lastima, ez zuen testuinguru sozial eta ekonomikoa baliatu What if We All Stopped Paying Taxes abesteko…
Musika. Kritika. Donostiako 47. Jazzaldia
Kartsu eta kamuts
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu