Satxa Soriazu 'The Megadeth Project: Rust in Peace'

Jazz metal-eroa

Argitalpena: Egilea editore.

2023ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Metalzaleok: hamaika ikusteko jaioak gara. Estiloen arteko fusioak, nolabaiteko berritasuna dakarten esperientzia/esperimentuak, ausardiaz betetako lan arriskatuak... denetik entzuna dugu. Bada, guztiak betetzen ditu Satxak aurten argitaratu duen artefaktu honek: 1990ean thrash metalaren gailurra izan zen Megadethen Rust in Peace mitikoa goitik behera bertsionatu baitu... Jazz estiloan! Sorpresa faktorea on.

Thrash metal teknikoa da Megadethena, eta haien ibilbidearen gailurra Rust in Peace (teknika, exekuzio, konplexutasun eta gogortasunagatik). Dave Mustaineren jarraitzaileontzako berri ona eta aztoratzailea izan da, beraz, lan hau. Goitik beherako errepaso honetan, kantuen ordena ia osorik errespetatu du Satxak. Seigarren kanta (Lucretia) hirugarren postura pasatu du, Take no prisoners-en ordez, eta alderantziz. Besterik ez.

Gainera, kantuen zirimolei, erritmo eroei, gitarra riff gurutzatu, metatu eta zentrifugatzaileei ihes egin beharrean, horien muinean sartu da buru-belarri. Entzuleak harridura sentituko du; eta ez da gutxiagorako. What the fuck? Ze demontre da hau... Konparazio bat egitekotan, sentitzen dugun euforia 1997an Pat Boone amerikar croonerrak heavy metal bertsioekin argitaratu zuen In a Metal Mood: No More Mr. Nice Guy diskoarekin sentitutakoaren parekoa da. Boone gatzgabeak, baina, Jazz/Big Band estilora ekarri zituen hainbat klasiko. Beraz, bi kasuak ezberdinak diren arren, antzeko WTF bat darabilgu buruan.

Abestiak luzatu ditu, eta 40 minutuko diskoa ordu betetik gorakoa bihurtu. Gitarra, kontrabaxua, bateria eta pianoa. Has dadila festa. Holy Wars...the Punishment Due-n jatorrizkoaren konplexutasun eta barrokismoari ihes egin gabe, kantuaren muinean sartu eta klabe jazziztikora ekarri ditu Mingotekin (gitarra), Kike Arzarekin (kontrabaxua) eta Dani Lizarragarekin (bateria) batera. Hangar 18-n berriro frogatzen du jatorrizko egiturei beldurrik ez diela, eta bere terrenora eramaten ditu, berriro ere nortasun propioa txertatuaz. Kontrabaxuaren minimalismoa pianoaren bizitasunarekin fusionatzen da, eta kantaren klimaxean Satxaren behatzen abiadurak harritu gaitu.

Lucretia-ren melodia zoragarri horri ere probetxua atera dio 9 minututik gorako akelarrean. Intentsitate jokoak eta eztanda hilgarriak ez dira falta Poison Was the Cure edo Take No Prisoners estimulagarrietan. Black Sabbathen Fx-en antzerako nota misteriotsu batzuek gero leherketa gozagarria dakarte. Crescendoa, kantuaren momentu klabea, ezin hobeki atera dute aurrera: pianoa errege, bateriaren botereak zerikusi handia dauka kantuaren amaiera apoteosikoarekin.

Rust in Peace: Polaris, grand finalle-a (diskoaren gailurra) kudeatzeko modua erabakigarria suertatu da, haren basakeria islatzea lortu baitute. Gitarrak berak ere jatorrizkoaren hainbat traza lantzen ditu, baina, orokorrean, kantua eztanda bat da jazz fusion estiloaren barruan, eta Holy wars-en ez bezala, minutu bat irauten duen azken traka hiltzailea da guztiz. Amaiera zitalaeta disko benetan harrigarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.