Return to Forever IV
Lekua: Kursaal Auditoriuma. Eguna: uztailak 22.
Chick Coreak 1971n sortutako Return To Forever taldeak denboran bidaiatu du urte hauetan jazzaren eta, oro har, musikaren aberastasun gehienak elkartuz. Jazz fusion, jazz rock, funk eta post bop estiloak oinarritzat dituen brasildar influentziako musika dugu hau, osotasunean aberatsa, eta, bere sorkuntzan bezalaxe, Stanley Clarke baxu jotzaile estatubatuar bikaina han izan zen atzo, baxu elektrikoak eta kontrabaxuak eskaintzen dituen aukera erritmikoen muga guztiak apurtuz, entzuleak txaloka altxarazi arte. Kontrabaxuak funk estiloan jotzea berrikuntza bat izan zen, eta bere erresonantzia kaxa perkusio moduan erabiltzera ere ausartu zen. Bestetik, Jean Luc-Ponty biolin jotzaile garaikidearen parte hartzeak hain ohikoa ez den soinu akustikoa eskaini zion jazzari, bixitasuna, freskura eta Chick Coreak proposatutako eskala guztietan jolasten ibili zen, xehetasun eder ugari eskainiz, elegantzia handiz. Interpretazioa, teknika eta soinuaren kontrol ezin hobea izan zen biolin jotzailearena. Lenny White perkusionista ez zen gehiegi ausartu arriskatzera, eta gehiago espero zen haren aldetik hainbeste perkusioz osatutako bateria harekin. Indarrez jo zuen oro har, gehiegi eta batzuetan kontestutik kanpo ikusten zen, eta ez zen musikaren dinamikaren barruan ongi sartzen. Rock, hip hop estiloan laguntzera mugatu zen gehienbat, eta jazz fusioa oinarritzat duen talde batean perkusioa jotzeko modu aberatsagoa espero zen. Frank Gambale bikain aritu zen, elegantea eta zehatza, espero zen bezala. Chick Coreak, nola ez, espaziontzi bat zirudien lau sintetizadorerekin eta pianoarekin; espero zena bezainbeste eta gehiago eskeini zuen Kursaaleko emanaldian, bere taldekideen laguntzaz sortutako kontestu musikal ikusgarri eta paregabean. Ez dago inolako zalantzarik jazz fusioan jainkoetako bat Chick Corea dela, eta atzo argi utzi nahi izan zuen hori Kursaalean egindako emanaldian.
Donostiako 46. Jazzaldia. Kritika
Jazz fusioaren jainkoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu