Kritika. Fantasiazko eta Beldurrezko Astea

Jai basatia

Beñat Eizagirre Indo.
2012ko urriaren 27a
00:00
Entzun
'The ABCs of Death'

Zuzendariak: Nacho Vigalondo, Noboru Iguchi, Srdjan Spasojevic, Xavier Gens, Jason Eisener, Jake West…. Herrialdea: AEB. Iraupena: 123 minutu.

Sitgesen estreinatu ostean Donostian ikusi ahal izango da The ABCs of Death lan kolektiboa. Ikusmin handia sortu du sarrerak berehala agortu baitziren. Ant Timpson eta Tim League ekoizle amerikarrek alfabetoko letra bana eman zieten generoko 26 egile ospetsuri bakoitzak hitz bat osa zezan eta hitz hori abiapuntu hartuta film labur bat zuzendu zezan. Filmak askotarikoak direla ez dago esan beharrik, baina guztiek izan dute lehentasun jarraitzaileek eskatzen dutena ematea. Higuingarria, makabroa, eskatologikoa, barregarria, surrealista… da, eta gehiegikeriak bata bestearen atzetik jazotzen dira. Jaiak ez dirudi amaierarik duenik. Generoa atsegin dutenentzat egindako lana da, eta, hortaz, ez da pertsona sentiberentzako filma. Hil edo biziko masturbazio txapelketa, puzkar eta kaka hilgarriak, pedofilia… dira osagaietako batzuk; era guztietako basakeria eta zentzugabekeriak aurki daitezke bertan. Egitasmoaren helburua ikusleek primeran pasatzea dela kontuan izanda, ez dago zalantzarik arrakasta ziurtatuta dagoela.

Alabaina, sormenari eta originaltasunari dagokienez, esan beharra dago eskasa eta hutsala dela. Hainbat autorek gizarteari kritika egiteko baliatu dute ekoizleek emandako aukera, eta horien artean, Xavier Gensen XXL aipa daiteke; pertsona gizenek (batez ere emakumezkoek) egunerokotasunean jasaten duten jazarpena islatu nahi izan du. Hala ere, The Divide bikainaren egilearen asmoa eskertzekoa den arren, emaitza kaskar samarra da. Bestalde, Los cronocrímenes lanaren zuzendariari A hizkia egokitu zaio eta apokalipsiaren inguruko komedia bat egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.