'Bi anai'
Zuzendaria: Imanol Rayo. Aktoreak: Bingen Elortza, Aitor Koteron, Kandido Uranga.
Herrialdea: Euskal Herria.
Iraupena: 104 minutu.
Bernardo Atxagaren izenburu bereko eleberrian oinarritutako filma aurkeztu du Zinemira sailean Imanol Rayo gazte nafarrak eta gaurkoan ospatuko den Euskal Zinemaren Galari amaiera emateko aukeratutako lana da. Bi anaiaren istorioa kontatzeko isiltasuna eta elipsia baliatu ditu egileak, eta apaizagatik eta Teresagatik ez balitz pelikulak mutua emango luke. Pertsonaia horien bitartez jakiten dugu jakin beharreko guztia, beste guztia norberaren imajinazioaren esku geratzen da. Isiltasuna beharrezkoa denean soilik zapuzten da, eta horrela hitzek benetan duten garrantzia berreskuratzen baitute. Irudiek ez dute hitzaren beharrik, enbarazu egiten dute kasu gehienetan.
Zinemaren lengoaiarentzat mehatxu handia suposatzen du; arriskutsua izan daiteke, ohartu ere egin gabe hitza aliatu izatetik etsai bihurtu baitaiteke. Garai batean hitzek zerbait esan ohi zuten, orain hiriko zaraten artean beste bat besterik ez da. Beraz, Asiako zinematik hurbil dagoen pelikula dela esan daiteke. Interpretaziorako gonbidapena luzatzen digu Rayok; zuzendariak aitortu duenez, Atxagaren liburua era libre batean moldatu du, eta eskuzabal jokatu nahi izan du ikus-entzulearekin. Bakoitzak nahi duen istorioa asma dezake. 50eko hamarkadan jazotzen den istorioa izanik erritmo lasaia dauka; gizakia naturatik hurbilago sentitzen zen garaian denbora ziklikoa zen eta gauzak egiteko beste patxada bat zegoen. Orain denbora urrea kontsideratzen da eta ia dena denbora galtzea iruditzen zaigu.
Agian hainbatek hori pentsatuko du Bi anai ikusten ari denean, baina pelikulak bere denbora propioa du. Iraganean desagertutako garai baten isla da.
Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Zinemira
Isiltasunaren edertasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu