Kritika. Artea

Irudiaren esentziaren bila

Jesus Pastor artistaren piezetariko bat Bilbon. MARISOL RAMIREZ/ ARP.
Mikel Onandia Garate.
2014ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Jesus Pastor

Non. Rekalde Aretoa. Bilbo. Noiz arte: Maiatzaren 4a arte.

Azken urteetan artearen munduan aitorpena izan arren, publiko orokorrari ez zaio oso ezaguna izan Jesus Pastorren lana (Santurtzi, 1954), batez ere ikerketan eta irakaskuntzan zentraturik, Galizian garatu baitu bere ibilbidea. 25 urte inguru zeramatzan Euskal Herrian lanik erakutsi barik, eta ordutik egindakoaren laburpen oso bezain erakargarria aurkeztu du Rekalde Aretoak. Aukera bikaina mintzaira plastiko heldu eta indartsua ondu duen artistaren lana ezagutzeko.

Ikerketa jarraituaren fruitu, karga estetiko nabarmenaz gain, oinarri teoriko sendoko obra modua mamitzen du Pastorrek. Eragin eta afinitate oso ezberdinak identifika daitezke haren lanetan, hala nola minimalismoa eta kontzeptualismoa, lengoaia eta poetika propioa garatzeraino; alta, halako etiketek dakarten erredukzionismoa onartuta, postminimalismoaren bidean kokatuko genuke sorkuntza artistikoaren alde prozesualean interes argia erakusten duen lana.

Hasieran elektrografiarekin esperimentatu zuen, eta azken hogeita hamar urteetan haren lanek materialtasuna lortu dute, batez ere marmola eta aluminioa erabiliz. Abiapuntu zaizkion irudi eta objektuak biluztu, eraldatu, eta desegin egiten ditu, oinarri bisualera jo asmoz. Irudiak materiagabe izateari utzi eta objektu bilakatzen deneko prozesua du kezka nagusietako bat artistak; imajinaren izaera metafisikoa. Hots, honen izaera eta pertzepzio posibilitateak, plano eta agerkizunak dira funtsean artistaren ikerketa gaia. Irudien esentzia, kontingentziaz biluztu eta beharrezkoa erakusten duena.

Poetika indartsua da Pastorrena, aberastasun plastiko nabarmenekoa. Hasieran piezek erlazio bakoak diruditen arren, arazo bertsuak lantzen dituzte. Errepikapena, sekuentzia, bariazioa lako kontzeptuak etengabe agertzen dira, modu heterodoxoan garatuak, soluzio bako tentsio eta dialektikak sortuz. Akabera fina, zaindua darabil, eta pieza guztien azken emaitza sentsuala da zinez; gutxirekin oso espresiboa izan daitekeela frogatzen du.

Lan guztietan, oso ezberdinak izanagatik ere, ikuslearen pertzepzioarekin jolasten du. Urrunetik estruktura formal jakin bat ageri du, eta hurbiltzean, funtsezkoa bihurtzen da ukipen sentsazioa, lehen inpresio arrazionala gainditzen duen zirrara sentsual eta poetikoa. Marrazkiaren, pinturaren eta grabatuaren oinarrietatik abiatuz, planoa dimentsio lez interesatzen zaio, esku-hartze eta interpretazio legez.

40 obra inguru daude Rekalden. Azken urteetan egindakoak dira asko, baita lehenagoko pieza ezberdinen hautaketa ere. 90eko hamarkadako Inflexiones seriean materialen izaera eta tonalitate ezberdinekin esperimentatzen du, baxu-erliebe finen bidez, irudiaren alderdi positibo eta negatiboarekin jolasean, definitu bako paisaia organikoak sorrarazteraino, akabera leun eta zorrotzekoak. Delikatuak oso, ñabarduraz betetako kualitate plastiko eta ehundura aberatsak erakusten dituzte piezok. Azken urteetan gauzatu aluminio lakatuzko lan koloretsuak ezberdinak dira; izaera irekiagoa erakusten dute, espazioan flotatzen duten forma likidoak, arin eta erakargarriak baitira. Bestalde, Latitudes lan multzoan plano gardenen gainjartzea abiapuntu hartuta, geruzen multiplikazio fisiko eta efektu bisual interesgarriak lortzen ditu. Halaber, paretan puntu ezberdinen bidez sortu zirkulu erraldoiak dira lan esanguratsuenetakoak. Sinpleak formalki, ezbaian jartzen dute ikuslearen pertzepzioa. Hura erakarri eta hurbiltzean bildu egiten dute. Puntuek, urrunetik efektu optiko ezberdinak sortzen dituzte, eta hurbilean singulartasun berezi eta kalitate materiko erakargarriak erakusten dituzte.

Badira baita artistari gogoeta estetikoa sorrarazi dioten liburuak —Platonen Errepublika, Wittgensteinen Tractatus-a— zein obra musikalen partiturak langai dituzten obrak: Morton Feldman edo Luigi Nonoren piezak, adibidez. Pastorrek literalki borobiltxoetan txikitu eta eskaneatzen ditu apurtutako objektu lez kontsideratutako testuok, dekonstrukzio prozesu baten ostean berriz ere irudiaren baitan estruktura aurkitu guran.

Aretoaren handitasun eta isiltasunean esperientzia pertsonal, lasai eta iradokitzailea —pieza batzuek soilik sorrarazten duten esperientzia estetiko intimoa; arrazionalki azaldu ezin dena eta artea hain berezi egiten dutena— ahalbidetzen du Pastorren erakusketa zaindu eta indartsuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.