'The Resident'
Zuzendaria: Antti Jokinen. Aktoreak: Hilary Swank, Jeffrey Dean Morgan eta Christopher Lee. Herrialdea: Erresuma Batua / AEB. Iraupena: 90minutu.
Christopher Lee 60ko hamarkadan Dracularena eta Fu-Manchurena egiten izan zenaren itzal tristea da The Resident honetan. Ia-ia museoko atal bat balitz bezala —are okerrago dena, souvenir bat— jarri dute istorioan. Antzeko zerbait gertatu da garai batean horren sona handia izan zuen Hammer ekoiztetxearekin. Marka hori frankizia gisa erabilita, terrorearen generoa berpiztera etorri omen zen aro berria. Ahalegin horretan lehena Let Me In izan zen (Matt Reeves, 2010), Tomas Alfredsonen pelikula suediarraren remake antzu baina duina.
Asmoa dezente okertu da Antti Jokinen-ek idatzi eta zuzendu duen honekin. New Yorken, Brooklyn auzoan, apartamentu bat hartuko du errentan Juliet erizainak. Zaila izan du bere gustuko etxea aurkitzea. Banandu berri da, eta lasaitasuna behar du, aldaketa behar bezala barneratzeko. Etxeak ezin aproposagoa dirudi, prezioa ere ezin hobea da, eta jabea, ezin jatorragoa. Laster batean, gauzak ez direla horren zoragarriak ohartuko da Juliet, jabea ez dela horren abegikorra… Ezaguna, ezta?
Egia esatera, ez du burua askorik estutu zuzendariak. Bakarrik bizi den emakumearen gainean, voyeurismoan oinarritutako enegarren pelikula egin nahi izan du. Etxe mehatxagarriarena ere ez da batere berritzailea. Nonbait, Polanskiren Repulsion, Sharon Stoneren Sliver eta Norman Batesen arteko nahas-mahasa egiteko asmo zintzoa omen zuen, baina berehala ikusiko dugu horretarako behar den gutxienekorik ez duela istorioak.
Denborarik galdu gabe agertuko zaigu pertsonaiak nolakoak diren, zein den egoeraren mamia. Hortik aurrerakoa, topiko guztien gainean eraikitako istorio tristea da: zarata egiten duen gaueko trena, berez ixten diren ateak, bainu lasaigarriak, ezezagunari zaunka egiten dion txakurra, ondoko atean bizi den aitonaren begirada susmagarria…
Une batean, filma gabezia horiek ezkutatzen saiatuko da, tranpa estilistiko batekin narrazioa apurtuz. Errebobinatuz, den-dena ongi planifikatutako istorio baten ondorio gisa agertu nahiko du Jokinenek. Horrek are gehiago okertuko du filmaren norabidea, zentzugabekeria are agerikoago utziz. Ordu arte etxe baten inguruko beldurrezko ipuin geza zena bortxatzaile baten kronika ankerra bilakatuko da.
Kritika. Zinema
Iraganeko mamuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu