Principal antzokian: Ambrose Akinmusire Quintet. Mendizorrotza kiroldegian: Fred Hersch eta Pat Metheny Unity Band. Noiz: uztailaren 20an.
Maldan behera hasi den Jazzaldi honetako bosgarren egunean, jazz musikaren barruko bi ikuspuntu kontrajarri ziren jaialdiaren bi agertokietan. Arratsaldean, gazte andana bat Principal antzokiaren taularen jabe egin zen berriro, Ambrose Akinmusire 30 urteko tronpeta jotzailearen gidaritzapean. Antzokia ia bete egin zen azken urteetan ospe handia hartzen hasi den musikari honen eskaintza dastatzera. Hala ere, emanaldia ez zen batere samurra izan. Gizon honen ideia musikalak XXI. mendetik baino askoz aurrerago daudela ematen du, eta berak jotako musika ederra bazen ere, kostatu zen erabat irenstea.
Akinmusire tronpetaren birtuosoa da, baina ez hitzak normalean adierazten duen zentzuan. Instrumentuaren baliabide guztiak ezagutzen dituen jotzailea da, eta temati atera nahi dizkio ahal dituen soinu guztiak. Azkenean, ematen zuen Akinmusirek jo zuen intrumentua eta aurreko egunean Dominick Farinaccik jo zuena desberdinak zirela, biak tronpeta izanda.
Akinmusirek, taldekide ederrak lagunduta, batez ere When The Heart Emerges Glistening bere azkeneko diskoko abestiak jorratu zituen, guzti-guztiak hark idatzitakoak. Horrela, Confesions to My Unborn Daughter [Jaio gabeko nire alabari eginiko aitormenak], Far But Few Between jo zituen, eta baita Regret (No More) izugarri eder bat ere, non bere tronpetak beste dimentsio bateko soinuak ateratzeko gauza ematen zuen. Saioak, musikalki samurra ez izan arren, ikusleen arreta mantendu zuen une oro, eta As I Am argitaratu gabeko abesti politarekin amaitu zen. Emanaldia berriro entzuteko gogoarekin geratu ginen batzuk, lasaiago irensteko; izan ere, hain mamitsu, trinko eta sakona da gizon honen proposamena. Amaitzeko, azpimarratu nahi dut Sam Harris piano jotzailearen lan bikaina, izugarria (eta 26 urte baino ez ditu horrek).
Mendizorrotzan, berriz, kontrajarritako proposamena eskaini ziguten lau musikari helduk. Pat Metheny, aurten Unity Band delako proiektu berria burutzen ari den gitarra jotzaile aski ezaguna, eskarmentu handiko hiru jotzailez lagunduta taularatu zen, bere zaleen zoramenerako. Methenyren zale amorratua den lagun batek esan bezala, Methenyk jazz musikaren statusa galdu du dagoeneko, izar bat izateko; rock edo pop izarren neurri berekoa. Hala izango da, lehena izan baita Mendizorrotzako kiroldegia betetzen.
Dena dela, jazza egiten jarraitzen duela ezin zaio inolaz ere ukatu, eta une benetan interesgarriak eskaini zizikigun bere lankideen laguntzarekin; batez ere Chris Potter saxo tenore eta sopranoaren, klarinete baxuaren eta flauta jotzailearen laguntza ederrarekin. Kontzertuan, nola ez, taldearen Pat Metheny Unity Band azken diskoko abestiak jorratu zituzten, horien artean Signals; horretan, eta ikusleen sorpresarako, jotzen hasi ziren Orchestrion delako instrumentu musikal askotarikoak. Orchestrion da Methenyren aurreko proiektua, non bere gitarraren bidez eta bultzada elektrikoen bitartez hainbat tramankulurekin musika egiteko gauza den. Putz eginda, soinu desberdinak sortzen dituzte: botilak, kanpaitxoak, bandoneoi bat, txilibitu bat...
Zaleen zoramena paroxismora iristeko zorian egon zen, emanaldia bukatzeko Methenyk berak Lyle Maysekin batera idatzitako Are You Going with Me? jo zuenean.
Lehen zatian, Fred Hersch piano jotzaile estatubatuarra bakarrik aritu zen pianoarekin, hirukotean arituko zela iragarri bazen ere, emanaldi desegoki batean, lekua eta eguna kontuan hartzen badugu.
Kritika. Musika. Gasteizko 36. Jazzaldia
Ikuspuntu desberdinak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu