Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Sail ofiziala

Hotz eta lehor

Gontzal Agote.
2011ko irailaren 21a
00:00
Entzun
'Happy End'

Zuzendaria: Bjorn Runge.Aktoreak: Ann Petren, Malin Buska, Gustaf Skarsgard, Johan Widerberg, Peter Andersson. Herrialdea:Suedia. Iraupena: 97 minutu.

Tratu txarrak pairatzen dituen emakume gaztea. Behar ez zuen horiei dirua eskatu zien gizon bortitza. Bere buruaz beste egiten saiatu den artista depresiboa. Semearekin zer egin ez dakien ama bakartia. Adineko emakumeari egindako proposamenari ezezkoa jaso duen alargun alkoholikoa.

Ez da festarako girorik Happy End pelikulan, munduaren ikuspegi grisa da jaun eta jabe, eta izenburuak kontrakoa esan arren, ez dugu Hollywoodeko moduko konponbide magikorik ikusiko. Tristea eta hainbatetan gogorra da film suediar hau, baina ez du asmatuko bere proposamena mugatzeko orduan. Zabortegi batean bizitzeko gonbidapenaz aparte, ez du argi utziko zein den istorioaren norabidea.

Dardenetarren itzal luzea sumatzen da Happy End lanean, baina estilo eta zehaztasun falta nabarmenez. Gertaerak halabeharrez kateatuko dira, eta pertsonaiak beren patu beltzari segika mugituko dira, zonbiak balira bezala. Ez da kritika sozialik agertuko, soilik karta okerra duten pertsona batzuen momentu jakin bateko bizipenak, inolako apaingarririk gabekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.