KRITIKA. Antzerkia

Herioa hurbil

Argentinako Timbre 4 konpainiaren Dinamo obra.
Agus Perez.
2015eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
'Dinamo'



Testua eta zuzendaritza: Claudio Tolcachir, Melisa Hermida, Lautaro Perotti. Antzezleak: Daniela Pal, Marta Lubos, Paula Ransenberg. Musikaria: Joaquin Segade.Lekua: Gasteizko Principal antzokia. Eguna: Urriak 31.

Defuntuen egunaren bueltan Argentinako Timbre 4 konpainiak bisitatu du Gasteizko Antzerki Jaialdia, Herioa hurbil duten hiru emakumeren istorioekin.

Muntaiaren planteamendu eszeniko ikusgarriak dena erakutsi du hasieratik bertatik, argumentuaren garapenean etekin mugatua atera dioten arren. Erditik moztutako karabana batek bete du eremu eszenikoaren erdigunea, eta bertatik kanpo iluntasun erabatekoa nagusitu da, barruan gertatzen zena zentraltasunean jarriz eta esangura nabarmena emanez hiru protagonisten egoerari. Eszenako albo batean musikari bat egon da, eta bere gitarratik ateratako soinu prozesatuekin giroak eta musika grabatuak aberastu ditu.

Karabanan bizi den emakumea ainguratuta dago bere iragan punkean bikote artistikoa hil zitzaionetik: Nina Hagenen abesti bat behin eta berriro entzuten du —Zarah, Zarah Leanderren abesti eder batetik eratorria— eta bere itxurak bizitza eta heriotzaren artean dabilen junkie batena gogoratu digu. Halako batean, bere magalera etorriko da iloba konpultsibo bat, bizitzan inolako proiekturik eduki gabe, gurasoen heriotza traumatikoa gainditu barik eta, harrez geroztik, hildakoen izpirituen agerpenekin bizi dena. Panorama melodramatiko hori gutxi balitz bezala, emakume etorkin bat agertuko da furgonetako armairuetan gordeta, eta hiruren arteko pasadizoek beteko dute gainontzekoa.

Ikusten denez, paisaia dentsoa sortu da hiru egileen buruetatik, eta lekurik gabeko hiru pertsonaien egoerak hiru bide hartu ditu aldi berean. Lehenengo bidetik, etorkinak beste bien arteko zubi lana egin du eta beren arteko egoera samurtu. Bigarrenak ilobaren gurasoen heriotza hartu du hizpide, misterio apur bat gehitzearren berez korapilatsua zen planteamenduan. Eta hirugarrena hiruren arteko inkomunikazioarena izan da. Ez zen zaila gero, kontuan hartuta amama punkie-a ia mutu egon dela emanaldi osoan zehar eta ilobak bere munduan galduta gelditu dela. Horrela izanik, bakarrik geratu zaizkigu etorkinaren hizkuntzan izandako bakarrizketa luzeak eta karabana barruko egoerek sortutako umore txinparta laburrak.

Konpainiaren ohiko iradokitze-estiloa bazterrean utzita, begi-bistako umorearen bidetik irudikatu dira hiru arketipoen bakardadea eta beldurrak, antzezleen inprobisazioetatik abiatuta. Gainera, badirudi konpainiaren estilo berria definitzerakoan ez direla guztiz bateratu egiletza eta zuzendaritza kolektiboak. Orain, eta esandako guztia kontuan hartuta, baten batek azaldu ahal du zertara ote zetorren Dinamo izenburua?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.